"Horrelako esperientziek asko aberasten zaituzte"

Beleixe irratia eta Guaixe 2019ko mar. 29a, 09:05

Elena Aldasorok kanpaina solidario bat jarri du martxan

Eskolarako berrerabili daitekeen materiala jasotzen ari da Saharara eramateko.

1. Zertan datza kanpaina?
Kanpaina solidario bat jarri dugu martxan. Berriro erabiltzeko moduan dagoena bigarren eskuko eskolako materiala biltzea da eta horrela bigarren aukeren balioa sustatu. Hortaz, helburua ere bakoitzak bere etxean kontzientzia pixka bat izatea eta erabiltzen ez dituen estutxeak, ondo dauden koadernoak baina foliak faltan dituztenak... Horrelakoak biltzen ari gara.

2. Zertarako biltzen ari zarete?
Apirilaren bukaeran Saharara egingo dugun bidaian eramateko asmoa dugu. Zorionez bolumena oso handia izaten ari da, jende askok ekarri du materiala eta ziurrenik ezin izango dugu gure maletetan dena eraman. Baina sartzen ez dena Anas Saharako Lagunen Nafarroako elkartearen bidez bideratuko dugu. Arkatz liburudendatik kudeatuko dugu den-dena iristeko. Sare sozialetan argazkiak igoko ditugu ikusteko materiala iritsi dela eta zuzeneko bidaia egin duela: Arkatzetik Saharara.

3. Berrerabilitako materiala biltzen ari zarete, baina bakarrik eskolarako materiala.
Bai. Saharan gauza asko behar dituzte, eta kanpotik laguntza jasotzen dute, arropa eta abar. Baina nik liburudenda bat izanda, pentsatu nuen eskola materiala egokia izan zitekeela. Gainera, han leku asko bisitatuko ditugu eta haien artean eskola bat dago.

4. Bi helburu ditu, beraz. Berrerabilpena sustatzea eta Sahararekin solidarioa izatea.
Kontsumoa bultzatu gabe egin nahi nuen. Beraz, ez nuen nahi jendeak gauza berriak erostea eta ematea. Azken finean, etxean horrelako material asko dugu armairuetan sartuta: orain dela hainbat  urte egindako trebakuntza batean oparitutako koadernoa eta abar. Zorte handia dugu eta gauzak nahi ditugunean lortzeko aukera dugu. Zerbait gaizki doala, ez apurtuta dagoela, baina gaizki doana eta azkar aldatzen dugu; modelo berri bat atera dela eta haurrak modelo berria nahi duela...

5. Noiz arte jasoko duzue materiala?
Epea apirilaren 12 eta 17 bitartean jarri dugu. Apirilaren bukaeran goaz eta dagoeneko materiala sailkatzen hasi gara. Esan bezala bolumen handia iristen ari da eta ongi antolatu behar dugu. Baina nahi duenak nahi duenean ekarri dezake eta bideratuko dugu.

6. Arkatz liburudendan ez ezik, beste nonbait jasotzen dute?
Haritza tabernarekin elkarlanean aritzen gara, aurkezpenak egiten ditugu bertan, eta oraingoan ere bilketa puntu bat jarri nahi izan dute. Intxostiapuntan ere jarri dute. Eta gero hona ekarriko dituzte. Nahi duenak emateko aukera du. Beraz, etxean zer dagoen begiratu eta erabiltzen ez dena eman. Aldi berean garbiketa egiten duzu eta hutsunea uzten duzu.

7. Zuek eraman ezin duzuen materiala Anas elkarteak eramango du. Zer da Anas?
Saharako Lagunen Nafarroako elkartea da Anas. Nire elkartearekiko lotura duela bi urte hasi zen Oporrak bakean programaren bidez haur bat etortzen delako uda pasa. Kanpamenduetako eta basamortuko baldintza gogorretatik urruntzeko eta handik pixka bat ateratzeko egiten dute programa hau. Pentsa han 40 gradutik gora egiten duela. Hortaz, helburua haize berria hartzea. Eta horren bitartez hasi ginen, nire familia eta ni, haurra ekartzen eta gero harremana handiagoa egin zen. Abenduan Saharako historia eta egoera kontatzen duen liburu baten aurkezpena egin genuen Altsasun ere eta Saharako politikoak etorri ziren.

8. Zergatik Oporrak bakean programan parte hartu?
Udan Saharako haur bat ekartzeko aukera da. Modu pertsonalean esperientzia oso onuragarria dela esango dut. Bai haiendako baita guretako ere. Oinak lurrean jartzeko ongi dator. Benetan, bizitzan bizi beharreko esperientzia bat da. Hortaz, nahi duenak Anas elkartearekin kontaktuan jar daiteke eta haiek bideratuko dute dena. Badakit aurten hasi direla familiak biltzen eta beharrezkoak dira. Azkenean familiarik ez duten haurrak ere ateratzen dira kanpamentuetatik.

9. Beraz, haurrak kanpamenduetatik ateratzen dituzte baina egoera ezberdinetan.
Bai, atera behar dira. Baina familia batekin joan beharrean tutoretzapeko pisuetara eramaten dituzte nerabeekin eta abar. Beraz, jendea horrelako esperientzia bat bizitzera animatzen dut. Asko aberasten zaitu barrutik. Ez dakit nola azaldu.

10. Apirila bukaeran joaten zarete. Ekartzen duzuen haurrarekin egoteko aukera izango duzue?
Bere etxean geldituko gara. Bidai hauek familiendako dira. Anasek aste santuko oporretan eta abenduko zubian antolatzen ditu bidai hauek. Guri ongi etorri zitzaigun aste santuan eta familiari deitu genion. Baietz esan zigun, ez genuela galdetu beharrik ere. Beraz, haiekin biziko gara, gure haurrarekin.

11. Eta aurretik familia ezagutzen zenuten?
Argazki bidez eta audio bidez. Ez dute Internet sare oso ona. Audio bat gaur bidali eta hiru egunetara erantzuten digute. Baina pertsonalki ez dugu elkar ezagutzen. Eta niretako bidai hau oso hunkigarria izango da.