Udal eta foru hauteskundeak 2019

IUk udaletxera bueltatu nahi du

Guaixe 2019ko api. 3a, 09:25

IUren udal hautagaitzaren aurkezpenean elakrtu zifren kideak.

Gonzalo Montoya Serrano buru duen zerrenda aurkeztuko du udal hauteskundeetara.

Altsasuko Ezker Batuak “esperientzia eta gaztetasuna” uztartzen dituen zerrenda aurkeztuko du udal hauteskundetara. Gonzalo Montoya Serrano zerrenda buruak adierazi zuenez, “erronka interesgarria dugu aurrean, udaletxera bueltatzeko gogoz gaude”. Arturo Carreño Parras zinegotzi ohiak gaineratu zuenez, “20 urtez lanean udaletxean, bi zinegotzi izatera iritsi ginen. Orain ere lan ona egin nahi dugu”.

Montoyak gaztigatu zuenez, “Altsasun enplegua dinamizatu nahi dugu. Kalitatezko enplegua ekarriko duten enpresak bilatu eta hutsik dauden pabiloiak eta udal lurra eman. Altsasun langabezia % 13,5ekoa da”. Horretarako tresnak Sakanako Garapen Agentzia, Cederna-Garalur, Sakanako Enpresarien Elkartea, udala eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean ariko lirateke. Enpresa txiki eta ertainak “ardatz” direla gaztigatu zuen.   

Basoan “garbiketa handiagoa”, ontto garaian tasa bat kobratzeko eta jaso daitekeena mugatzeko proposamena egin du. Bestelakoak ere jaso ditu IU-k bere programan: udaltzaingoa egun osoko zerbitzua ematea eta gertukoa eta hezitzailea izan dadila; auto-karabanendako udal aparkalekua, gazteendako alokairuzko etxebizitzak sustatzea eta babes ofizialeko etxebizitza berriak egin;  udalaren jabetza diren etxeak (Gurutze Gorriarena eta Sociedad Deportiva Alsasua) etxebizitza izateko konpondu eta egokitu larrialdi egoeretan erabiltzeko (etxegabetzeak); Atabo enpresa publikoaren eta Iortia kultur gunea ikuskatzea; Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen kudeaketa, dependentzia, etxeko arreta zerbitzua eta beste gainbegiratzea; premia larria duten pertsonei larrialdi laguntzak ematea (argiteria, berogailua, jantziak ordaintzeko); erdigunean dagoen tokiren batean komuna publikoak jartzea; parte hartze aurrekontuetara urtero 50.000 euro bideratzea; trafikoaren ordenazioa eta zaintza handiagoa gaizki aparkatutakoei erreparatuz; txakur kakak direla eta ordenantza betetzea; udal garabia erabiltzea; Erkuden kaleko 3, 5, eta 7 zenbakietako barruko patioan udal aparkalekua egitea eta estalitako haurrendako jolas parkea.

Osasun kontseilua dinamizatu eta, horrela, osasun etxea indartzea nahi lukete. Aita Barandiaran adinduen etxeko plantilla handitzea eta lan baldintzak hobetzea eskatu dute Ezker Batukoek. Baita Josefina Arregi klinikak bere erreferentzialtasuna ez galtzeko lan eginen dutela ere. Hori guztia “altsasuarren ondoan egon nahi duen udal batekin, udala gertu sentiarazi nahi dugu”.

Jose Miguel Nuin parlamentaria aurkezpenean izan zen eta altsasuarrei Nafarroako Ezker Batuaren (NEB) “babes osoa” azaldu zien. Haiek “jendearen gehiengoarendako ezker soziala” direla gaineratu zuen. Nuinek gaztigatu zuenez, “maiatzaren 26an asko dago jokoan: aldaketa sozial eta pluralak segitzen duen edo inboluzio eskuindarra dagoen”. NEB-eko kideak adierazi zuenez, legegintzaldi honetan “gauza garrantzitsuak” egin dira. Eta datua eman zuen: “lau urtetan 500 milioitan handitu da aurrekontua. Horietatik 400 milioi hezkuntzara, osasunera eta gizarte eskubideetara bideratu dira”.

Hautagaitza
1. Gonzalo Montoya Serrano (afiliatua)
2. Arturo Carreño Parras (afiliatua)
3. Adriana Remigio Rodriguez (zalea)
4. Marta Barquilla Barroso (zalea)
5. Jose Pedro Palacios Baz (zalea)
6. Santiago Moreno Guisado (afiliatua)
7. Maria Asuncion Palomino Mateo (zalea)
8. Celsa Lopez Garcia (zalea)
9. Pedro Santano Cava (afiliatua)
10. Juan Manuel Malato Costa (afiliatua)
11. Juana Mari Gasco Claro (zalea)
12- Yolanda Pelaez (zalea)
13. Aurelio Lucas Andrade (afiliatua)