Udal eta foru hauteskundeak 2019

Ollok Geroa Bairen “zentraltasuna” azpimarratu du

Guaixe 2019ko api. 3a, 08:52

Geroa Baiko hautagaitzako kideak.

Koalizioak Altsasuko alkatetzea lortzeko asmoa adierazi du Altsasuko hautagaitzaren aurkezpenean.

Altsasuko Geroa Baik bere udalerako hautagaitzak ostiralean aurkeztu zuen, Uxue Barkos Berruezo  presidentea amaponteko zutela. Javier Ollo Martinez alkateak nabarmendu zuenez, Geroa Bai “Altsasuko Udalean ezinbesteko aukera da, zentroan gaudelako”. Eta zentraltasun hori Altsasuko auzian “garrantzitsua” izan zela gaineratu zuen. Udalean dagoen aniztasuna aipatu eta “elkarrizketa eta desberdinen arteko akordioak” izan direla nabarmendu zuen. Adostasunak izan zirela gogoratu zuen.

Egindakoen artean haur eskola, Isidoro Melero eta Ermita kaleko lanak, hainbeste urtetan udaleko mahai gainena egon den Zumalakarregi plazaren berritzea, energia eraginkortasuna hobetzeko hartutako neurriak eta beste aipatu zituen. Aurrera begira jarrita, Ollok “eskualdearen ekonomia garapenaren eta herritarren gizarte-ongizatearen eta desberdinen elkarbizitzaren alde” lan eginen dutela gaztigatu zuen. Altsasuko industriarako lurra Kapitansoro dermioan beharko lukeela uste dute Geroa Baiko kideek, eta horrela jaso nahiko lukete eginen den Hirigintza Plan berrian.  

Barkosek, Ollok Altsasuko auzian egindako kudeaketa goraipatu zuen, “proportzionaltasun faltaz hizketatu zen aurrenekoa izan zen”. Aldi berean, alkatearen “lidergo gaitasuna, inteligentzia eta aktore oso desberdinekin akordioetara iristeko” gaitasuna nabarmendu zuen. Altsasuko Geroa Bairen hautagaitzaren aurkezpenean izan ziren ere Manu Aierdi lehendakari-ordea, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidente-ordea eta Koldo Martinez koalizioren Kongresurako hautagaia.

Hautagaitza
1. Javier Ollo Martinez
2. Manuel Bergera Ijurko
3. Julen Diaz Oiarbide
4. Mari Carmen Viana Murga
5. Mari Carmen Goikoetxea Napal
6. Joseba Jokin Zelaia Oiarbide
7. Idoia Ibañez de Opakua Amillano
8. Pedro Jimenez Elvira
9. Pedro Jose Iglesias Mendiluze
10. Mari Carmen Otaegi Saez de Maturana
11. Maria Jesus Moiguel Barriocanal
12. Unai Hualde Iglesias
13. Santi Luceño Arias

Ordezkoak
1. Jose Angel Agirrebengoa Imaz
2. Milagros Mazorriaga Mugika
3. Femin Zabala Ruperez