Kultura Zuzendaritza Nagusiak-Vianako Printzea Erakundeak Altsasuko Basaluzeko dorrea zaharberritzeko lanen deialdia egin du. 282.724,8 euroko aurrekontua du lanak (BEZ barne). Interesatuek eskaintzak apirilaren 17ko gauerdira arte aurkez ditzakete. Kalitate-prezio erlazio onena duen eskaintzari emanen zaio lana. Barga magalean egin beharrekoak sei hilabetetan despeditu beharko dira.
Dorrearen arkitektura zaharberritzea eginen dute, berezko ezaugarriak mantenduz. Horretarako, dorrea aldamioz inguratu eta langileek hormak sendotzeko lanak eginen dituzte, kanpoan eta barruan. Eraikin barruko lurra eta landaretza arkeologo baten zaintzapean aterako da kalera. Dorrearen beheko solairuan porlan plantxa zabalduko dute eta haren gainean adreilu zaharra jarriko da, galburu marrazkia eginez.
Ondoren lehen solairuari eutsiko dion egurrezko forjatua jarriko dute. Haritzezko habeak izanen dira, 24x16 cm-koak, paretan bermatuko direnak. 55 cm-ko habe bat jarriko dute. Bai lehen bai bigarren solairuetan haritzezko oholez osatutako zorua jarriko da. Bi solairuetan eskuko eskailerendako tokia utziko da. Horiek metalezkoak izanen dira. Teilatua laua izanen da eta haren gainean 4 cm-ko lodiera duten kareharri lauzak jarriko dira.
Sarbideko atea, lehen solairuko hiru leihoak eta bigarren solairuko lauak, eta azken zazpi horien kontraleihoak haritz egurrezkoak izanen dira. Beheko solairuko hamabi gezileihoak ez dira itxiko, aireztatze egokia bermatzeko. Hala ere, haietan altzairuzko pieza bana eta altzairuzko sare bihurritua jarriko dira, hegaztiak dorrera sar ez daitezen. Tximistorratza ere jarriko dute. Solairu bakoitzaren azalera erabilgarria 25 metro karratukoa da, teilatuan, berriz, 36 m2-koa. Guztira 111 m2-ko azalera erabilgarria du. Solairu bakoitzeko eraikitako azalera 42,15 m2-koa da, eta guztira 168,6 m2-koa.
Lanen arduradunek jakinarazi dutenez, dorreari ez diote erabilera jakinik emanen, ezta teilatuan zegoen seinale komunikazio sistema jarriko ere, aldameneko dorreak desagertu baitira. Mantentzen den dorre bakarra denez, eta kultur balioa aitortua duenez, turisten bisitak har ditzakeela edo goiko solairuetan erakusketak jar daitezkeela aipatzen da lanen memorian. Hala ere, hori guztia zehazteko dago, eta beti ere dorreak eskaintzen dituen aukerak kontuan hartuta.
Lege babesari dagokionez, Kultura Zuzendaritza Nagusiak-Vianako Printzea Erakundeak Nafarroako Kultur Ondasunen Legeari segituz, Basaluzeko dorrea inbentariatutako ondasun izendatu zuen 2017ko azaroaren 2an. Dorrea babesteko haren inguruko 50 metroko erradioa babes eremua da. Nafarroako Arkitektura Ondarearen Inbentarioan katalogatuta dago, 2 kalifikazioarekin eta 5.449 fitxa zenbakiarekin. Altsasuko Udaleko hirigintza planak 2. graduko babesa eman dio. Bestetik, Nafarroako Arkeologia Inbentarioan dago jasota, 0931010008 kodearekin. Altsasuko Udalaren 2002ko hirigintza-plangintzak 2. mailako babesa eman zion.
Telegrafo optikoa
Informazioa distantzia luzera bidaltzeko lehen saiakeretako bat izan zen telegrafo optikoa. Aginduak ahalik eta azkarren bidali eta jasotzeko Estatuko hedabide gisa aurrenekoz Frantzian garatu zen 1790ean. Dorre batetik bestera 12 km-tara zeuden dorreen bidez zabaltzen zituzten mezuak, propio sortutako alfabetoa erabiliz.
Espainian linea labur batzuk eraiki ziren XIX. mendearen hasieran. 1844. urtean telegrafia optikoko sare bat egiteko lehiaketa publikoa egin zen eta Estatu Nagusiko koronel Jose Maria Mathe Araguaren proiektua aukeratu zuten. Sarea izan behar zuenaren hiru linea eraiki ziren bakarrik: Gaztelakoa (Madrildik Irunera, Valladolidetik pasaz), Kataluniakoa (Madrildik Portboura, Valentziatik eta Bartzelonatik igaroz) eta Andaluziakoa (Madrildik Cadizera).
Madril eta Irun arteko linea osatuko zuten 52 dorreak 1844an hasi ziren eraikitzen eta 1846ko lastailaren 2an jarri zuten martxan. Nafarroan, Burundan, hiru dorre jaso ziren: bat Ziordian eta bi Altsasun (Basaluze eta Engara edo Egubera). Bizitza laburra izan zuten, berehala telegrafo elektrikoa instalatu baitzen. Madril-Irun linea 1855. urtetik aurrera ez zen gehiago erabili. Dorreak abandonatu ziren, eta horietako asko desagertu dira edo oso hondatuta daude. Zenbait dorre zaharberritu dira.
Dorreek diseinu espezifikoa dute, bi ezaugarri hauekin: telegrafo optikoaren seinaleen mekanismoa dorrearen gailurrean dago, eta defendatzeko gaitasuna dute borrokan ere komunikazioa ez eteteko. Horretaz aparte, ondoko dorreekin ikus-kontaktua ahalbidetzen zuen eremu batean kokatu behar ziren. Kokaleku eta itxuragatik “gaztelua” leku-izena eman diote. Horixe gertatu da Basaluzeko eta Ziordiko dorreekin (azken kasu honetan “telegrafoa” izenaz ere ezagutzen da).
Egoera
Basaluzeko dorrea Altsasuko Udalarena da. Herri lurretan kokatuta dago eta bere altitudea 675 metrokoa da (160 metrokoa ibarraren hondotik), eta Urbasa menditik (1185 m) jaisten den adar batean dago. (UTM koordenatuak: X:568.198, Y:4.747.914). Hormak osorik ditu, baina egitura horizontala eta zurajea galdu ditu.
Telegrafiako linea horren aurreko dorrea Ziordikoa zen (UTM koordenatuak: X:563.503, Y:4.747.694). Iturbedeinkatutik mendebaldera kokatuta dago. Dorrea hondatuta dago, eta bakarrik hormen behealdearen zati bat du, 1,8 metroko altuera. Beheko zatiko lau fatxadetan hiruna saieterak ederki ikusten dira. Dorrearen barruan eta oinetan pilatzen da eroritako atalak. Dorre horren altitudea 659 metrokoa da, eta ibaiaren beste aldeko mazelan dago, Basaluzeko dorretik 4.696 m-ra. Nafarroako Inbentario Arkeologikoan dago jasota, 09310730005 kodearekin.
Linearen hurrengo dorrea Eguberakoa da (UTM koordenatuak: X:565.535, Y:4.751.089). Erabat eroria dago, ia galduta. Gehienez ere 80 cm-ko altuera du. Azken karlistadan eraiki gotortu zutela pentsatzekoa da, egoki ikus daitekeen 4 metroko lubaki edo lubanarro batek inguratzen baitu. Dorre horren altitudea 730 metrokoa da, eta muino bakartu batean dago, Altsasuko ipar-mendebaldean, Basaluzeko dorretik 4.696 m-ra. Nafarroako Arkeologia Inbentarioan dago jasota, 0931010007 kodearekin. Gaur egun ez dago ikus-kontakturik dorre horien eta linearen hurrengo dorreen artean (Mezkiako San Juan dorrea eta Etzegaratekoa, biak galduta), dorreen egoeragatik eta inguruneko zuhaitzak hazi direlako.
Ondarea
Basaluzeko dorreak oinplano karratua du. Inguruneko kareharriz egina dago. Zimendua harlanduxkoz egina dago. Horren gainean zokaloa dago, 7,05 m zabal eta metro bat gora. Pikotxez landutako harlanduek osatzen dituzte zokaloaren hiru ilarak. Behealdeko gorputza ezpondatuta dago. 1,9 metroko altuera du. Harlangaitzezkoa da, eta pikotxez landutako harlanduzko kateak ditu ertzetan. Hiru saietera daude alde bakoitzean, txaranbelduta, harlanduxkoz inguratuak, 0,65 × 0,35 m-ko baoa dutenak altxaeran eta 0,32 × 0,07 m-koa barrualdean. Gorputz horren gainean zerrenda formako irtenune bat dago, 0,28 m-ko altuerakoa, ongi landutako harlanduz egina, dorre osoa bezala.
Dorrearen gorputz nagusiak 6,35 m-ko alboa du (5,05 m-koa barrualdean) eta 6,65 m-ko altuera. Zokalo leuna du, ia irtenunerik gabe. Horma-atalak definitzeko, zerrenda zabal leunak ditu ertzetan eta zerrenda mehe bat erremate gisa. Beste zerrenda batek horma-atalak bi zatitan banatzen ditu. Hori guztia harri landuz egina dago. Erremate gisa erlaitz sendo bat dago, kabeto formakoa, eta karel baxu bat, guztira 0,80 metroko altuera duena. Horma-atalak harlangaitzezkoak dira, eta karezko emokaduraren hondarrak daude. Lau aldeetako solairu bakoitzean leiho angeluzuzen handi bana dago (1,52 × 1,02 m-ko baoa), zerrenda formako perimetro-irtenunea duena. Hegoaldeko aldean, beheko solairuan, ate bihurtzen da, goian. Barrualdea harlangaitzezkoa da, eta kareorezko emokaduraren zati bat du oraindik, baita zurezko leihoburuak ere. Galdutako forjatuen horma-zuloak ikusgai daude.
Oso gutxi ezagutzen da eraikin horiei eta estazio telegrafiko gisa zuten funtzioari buruz, ez eta telegrafia optikoari, bere lineei eta sortu ziren aroari buruz ere. Gaur egun eraikin gutxi daude nahiko osorik, eta, zorionez, Basaluzekoa da horietako bat. Hala ere, ia ez dago izan zuen funtzioaren arrastorik.
Dorre horiek ikus-komunikazio sistema baten lekukotasun materiala dira, garai historiko zehatz labur batean asmatua eta erabilia. Hein batean, Erdi Aroko mugaldeko dorreen artean izan zitezkeen ikus-komunikazioko oinarrizko formulak oroitarazten dizkigute. Ikus-komunikazioko beste sistema bat banderena da, nautikan erabilia, egun ere bai.
Telegrafo elektrikoa sortu zen eta telegrafo optikoaren tokia hartu zuen. Telegrafo optikoaren bizitza laburra izan zen, baina aurrerabidearen mugarria izan zen komunikazio arlo horretan. Zutik dirauten telegrafia optikoko dorreak lekukotasun materialak dira, eta balio kultural nabarmena dute, historia horren mugarri bat gogorarazten dutelako.