Grafismoaren hiritik paseoa

Guaixe 2019ko api. 5a, 11:43
Xabier Idoate artista 'Hirigraf' erakusketan.

Xabier Idoate artistaren Hirigraf erakusketa mustuko dute gaur Iortia kultur gunean. Apirilaren 28ra arte egonen da ikusgai

Margoa, grafismoa, bideoa eta argazkilaritza uztartzen ditu Xabier Idoate artista iruindarrak. "Hiritik paseo batean ikusten diren gauzak interesatzen zaizkit". Paseoan dagoela argazkiak ateratzen ditu, eta, gero, argazki horiek eraldatzen eta moldatzen ditu istorioak sortuz. Hainbat istorio kontatzen ditu Hirigraf erakusketan, "mimo handiz" Altsasurako prestatu duen erakusketan. Gaur mustutze ekitaldia eginen dute Iortia kultur gunean eta apirilaren 28ra arte zabalik egonen da.

Hiria eta bertan aurkitu daitezkeen txokoak dira Xabier Idoateren Hirigraf erakusketan aurkitu daitezken irudiak. Oinarrian argazkiak daude, baina hauek istorio bat kontatzeko eraldatuta daude. Transformatuta. "Normalean istorioa pentsatzen da eta horren gainean argazkiak egiten dira eta istorioa kontatzen da. Nik alderantziz egiten du". Hortaz, hiritik "paseoan" dagoela argazkiak egiten ditu eta horren gainean lan egiten du.

600 txintxeta
Modu digitalean koloreak eta grafismoa gehitzen dio Idoatek bere lanean. Hainbat programa erabiltzen ditu eta ikertzea eta esperimentatzea gustatzen zaio. Serie bakoitzak bere kolore propioa du. Erakusketa irudi handiez eta ikus-entzunezkoetatik ateratako biñetaz osatuta dago. Guztira 600 txintxeta erabili ditu erakusketa osatzeko, hortaz, 200 bat irudi ikus daitezke.

Istorioak biñetek kontatzen dutela esan du Idoetak. "Garrantzitsuena da nik egiten dudana artikulatuta egotea. Interpretazioak ikusleena da. Ez dago interpretazio bakar bat". Hainbat serie ikus daitezke Hirigraf erakusketan. Hala ere, guztiak komunean dute Idoatek hiriarekiko duen lotura. Bilbo da irudietan agertzen den hiria, baina edozein izan zitekeen: "leku horrekiko harremana interesatzen zait. Bertan bizi izan diren esperientziak eta horiekiko egiten den lotura. Zuretzat leku hori zer den".  

Grafofenia da erakusketan ikus daiteken serietako bat. Ikus-entzunezko bat da, baita bertatik atera dituen biñetak ere. Bertan, "ametsak, beldurrak, erokeriak... agertzen dira. Pinturaren propio diren eta hainbat istorio elkartzen dira". Esaterako, hiriaren txoko eraldatuak ikusten diren bitartean lapurreta baten istorioa kontatzen da. Erakusketaren beste aldean Delirioak lana dago. Pamiela argitaletxearekin kaleratutako irudien bidezko istorioa da. Bideo bihurtu du eta, ondoren, biñetak atera ditu. 72 irudiek mural bat osatzen dute hirugarren seriean. Hiriaren hainbat txoko ateratzen dira, eraldatuta. Koloreak ezberdinak dira, berriz ere, istorio ezberdinak kontatuz. Amaitzeko, argazkien zatiekin sortutako irudiak daude.

Hirigraf hiritik egiten den "paseo bat" bezalakoa izatea nahi du. Artistarendako "paseo bikoitza" dela esan du. Izan ere, lehenengo paseoan argazkiak egiten ditu eta bigarrena argazkiak ikusten dituenean egiten du. Hirugarren pausu batean argazkien eraldaketa dator.