"Haize Berriak bandaren etapa bat ixten da, beste bat hasteko"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko api. 8a, 13:25
Luis Orduña musikaria.

Haize Berriak bandako zuzendaria izan da Luis Orduña 14 urtez eta orain banda utzi berri du. Musikari bezala sartu zen eta zuzendari bihurtu zen Sakanako bandan

Sakanako musika banda zuzentzea hartu duen erabaki profesional handiena izan dela esan du Luis Orduña musikariak. Bide berri bat ireki zuen. Tuba jotzetik banda zuzentzera pasatu zen, eta horrekin beste hainbat bandetako zuzendaria izatera eraman zion. Hamalau urte ondoren Haize Berriak bandako zuzendaritza utzi du.

Zergatik?
Hamalau urte izan dira eta fase oso bat izan da. Zaila da uztea, oso zaila. Lan bat baino gehiago da niretako. Gainera, Altsasun bizi naiz. Bandarekiko dudan harremana urrunetik dator eta elkarrekin hazi gara. Erabaki oso zaila izan da baina uneren baten iritsi behar zen. Alde batetik edo bestetik. Edo botatzen ninduten beste bati bidea emateko edo joaten nintzen. Azkenean erabaki nuen uzteko momentua zela eta biendako positiboa izango zela. Momentu hoberenak bizi izan ditugu eta badakit positiboa izango dela bandarendako. Aldaketak beti zailak dira eta orain ez dute oso argi ikusten. Ulertzen dut beraiendako ere zaila izango dela. Horrelako krisi bat, nolabait deitzeko, izan zuten Juanjo Torresek utzi zuenean. Baina horrelakoa da bizitza. Gainera, datorren astean Los del Rayo sinfonikoa egingo dugu Lakuntzan eta ni gonbidatua bezala ariko naiz. Harremana pertsonala hor dago ere.

Asko pentsatu duzun erabakia izan da.
Bai. Erabakia hartu nuenean eta komunikatu nuenean hainbat pertsonek esan zidaten gertatuko zela bazekitela. Pistak eman nituela. Batzuk nahi gabe egin ditut. Zerbait esan omen nuen duela urte bat... Ni ez naiz gogoratzen. Baina posible da hau aldatu behar zela esan izana. Eta orain gaude momentu horretan. Pena ematen du gehien bat Altsasuarekiko dudan harreman bereziagatik.

Nola hasi zinen?
Oso bitxia eta arduragabea izan zen. Nik aurretik ez nuen zuzentzen. Ni jotzera etorri nintzen Juanjo Torres nire lehenengo musika irakaslea izan zelako. Hainbatetan jo nuen bandarekin. Aldaketaren garaia iritsi zenean, ni dagoeneko musikari profesionala nintzen eta Gasteizko bandan plaza lortu nuen. Proposatu zidaten beste hainbat pertsonekin batera eta bandak erabaki zuen ni izatea. Hiru hilabeterako izan zitekeena, hamalau urte izan dira. Banda asko handitu da alde guztietatik. Baita ni ere. Batuta erosi behar izan nuen ere, eta urte hauetan zuzendari karrera ikasi dut. Eta lan asko ateratzen zait.

Elkarrekin hazi zarete, beraz. Nolakoa izan da garapen hori?
Asko aldatu gara. Hasi ginenekoak eta oraingoak ez du zerikusirik. Musika aldetik nabaria da garapena. Urte hauetan erronka garrantzitsuak izan ditugu eta horretaz oso kontziente gara. Presentzia handitzen joan gara eta publikoa ere handitu da. Iortia ere handituz joan da. Beraz, elkarkidetza ere handitu da. Hasieran kontzertuak doan ziren. Gero ikuslegoa kontrolatzeko euro bat kobratzen genuen. Ondoren hiru eta orain kontzertu berezi batek 8 euro kostatzen du. Hiriburuetako banda batzuen maila hartu dugu.

Zein da zuzendariaren papera?
Batutak ez du musikarik egiten. Musika egiten dutenak besteak dira. Ez zait konparazioa asko gustatzen, baina jende guztiak ulertzen du kirolarekin alderatzen dugunean. Futbol entrenatzaileak ez dira zelaira ateratzen, gorbatarekin joaten dira askotan, baina aurreko lan guztia egiten dute. Futbolean bezala zuzendaritza-batzorde bat dago eta bertan programazioa egiten da, eta erronkak eta objektiboak zehazten dira. Zuzendariak markatzen du pixka bat hori eta batzordeak bidea erabakitzen du. Eta plan estrategiko bat egiten da. Orduan, gauza horiek erabakita zuzendariak musikariei esaten die. Haiek dira etorri entseguetara etorri behar direnak, bere denbora librea eman behar dutenak, dirua kostatzen zaiena. Hori goraipatzea gustatzen zait. Garai hauetan konpromisoa zaila da. Gauza asko daude egiteko eta jende guzti hau astean bitan, ezorduetan, entseguetara joatea baloratzeko modukoa da. Kritika bakarra dut: Sakanako banda dela azaltzea ez dugula lortu. 25 urte ondoren Altsasuko banda bezala ikusten da oraindik. Arazo identitario bat da Lakuntzan ez dutelako sentitzen banda dutenik. Normala da ere aktibitatea Altsasun egiten dugulako eta udalak ere diru-laguntzak ematen diotelako. Oso ongi funtzionatzen duen kolektibo bat gara, baina ez gara beti baloratuak izan. Kultura ez da garrantzitsua.

Zer ezaugarri izan behar ditu bandako zuzendari batek?
Pazientzia izan behar du. Eta gero pazientzia gehiago. Izan behar da dinamizatzaile, motibatzaile, psikologo, politiko, ekonomialaria, abokatua... Hamalau urte hauetan gertatu zaidan guztia kontatzen badut... SGAEarekin eztabaidatu dut, politikoekin, proiektuak aurrera eramateko kontuak egiten egon gara... Jendea motibatu behar duzu ere. Izan ere, maila desberdineko jendea dagoelako. Hala ere, banda honen bereizgarri nagusiena da: adin guztietako eta maila guztietako jendea dago.

Eta kontzertuetan zer egiten du zuzendari batek?
Ia ez du ezer egiten. Horrela da. Aurreko lan bat da gehien bat. Kontzertuan dena polita jartzea da gauza. Zuzendariak kontrolatu behar du dena ongi egotea. Dena errodatua joateaz arduratu behar da, baina aurretik egindako lanak errodatu behar du. Aurretik ez baduzu lana ongi egiten kontzertuaren egunean ez da modurik egongo. Gauzak oso ongi egin badituzu aurretik, erraza da kontrolatzea. Beste alde bat dago ere, nire kasuan publikoari gauzak azaltzen gustatzen zait. Gure kontzertuak haratago joaten direlako. Ez zait entretenimendu soil bat izatea. Ikusten dudalako publikoak gauza gehiago eskatzen dituela. Eta horrekin oso pozik gelditu naiz. Publiko ona sortu dugu, kultura handiarekin eta oso kritikoa.  

Nola egin duzue?
Banda honetan ez zaigu kostatzen edozein motatako erokeriak egitea. Gustatu hala ez publikoak ulertzen du hurrengo kontzertua ezberdina izango dela. Zinean bezala. Zinera joaten zarenean zerbait desberdina ikustera joaten zara. Behin egin genuen bat musikariak bizirik dauden hildakoaz egin zutela. Gero agurtzera atera nintzenean oso polita izan zela esan zidaten. Beldurra nuen. Eta esan zidaten Madrilen egitekoa zela. Holakoek funtzionatzen dute publikoa irakatsi diogulako. Ez bazara pasodobleetatik eta zarzueletatik urruntzen publikoa aspertzen da. Nik uste publikoak ere beldurra izango duela. Baina bandak horrelakoak egiten jarraituko du.

Eta nola hartzen zuten musikariek?
Orokorrean ongi hartzen zuten. Beti bezala jendea badago gehiago kostatzen zaion. Baina urte hauetan interpretatu dute, dantza egin dute eta azken kontzertuan Hodei magoarekin egin genuena txantxa guztien erdigunea izan ziren musikariak.

Harreman ona dagoela ikusten da.
Harremana oso ona da. Bestela ez zuen funtzionatuko. Entseguak amaituta hitz egiten gelditzen dira, zerbait hartzera joaten gara... eta hori zerbait oso ona da. Ez direlako behartuta etortzen.

Zer da gehien gustatu zaizuna?
Pertsona horiekin lan egitea. Eta publikoaren erantzuna oso ona izan da. Asko disfrutatu dut hemen. Jarrera gehien jartzen dion publikoa da. Proiektuarekin bat egiten du eta banda benetan sentitzen du.

Bizi izan dituzun momentu on bat?
Momentu on asko daude. Ezin dut bakarra aukeratu. Kontzertu askotan oso gustura egon gara eta asko disfrutatu dugu. Euforia izan dugu. Kontzertu berezi guztiak izan dira onak. Ezin dut aukeratu bat.

Eta txarrak?
Txarrak oso txarrak izan dira. Esterren heriotza niretako oso gogorra izan zen. Oso gazteak ginen eta ez nengoen prest horrelako zerbait bizitzeko. Talde baten arduraduna zara, baina gauza onetarako. Garaziren istripua izan zen ere, Juanjo ere joan zitzaigun. Baina ezberdinak izan ziren. Batzuetan gauza txarrek bere alde positiboak badituzte. Sormena gustatzen zait eta askotan planteatu nuen zerbait sortu behar genuela. Eta Esterri eskaini genion.

Ekonomia aldetik ere momentu latzak bizi izan dituzue.  
Eta politikariekin asko eztabaidatu dut. Baina horiek ez dira une txarrak tragedien ondoren. Bere alde onak ere baditu. Kolektiboa handiagoa egiteko balio izan du. Baina egoera hauen aurrean publikoak zurekin bat egiten du. Pankartek, zoritxarrez dena konpondu dute. Gero kontu administratiboak eta epeen kontua baina ez zen.

Nola hartu du bandak joajoan izana?
Zati hori galdu dut. Juntan komunikatu nuen eta entsegu batean ni bigarren plano batean nengoela Javi Unamunok eman zuen albistea. Horren ondoren bandak hainbat bilera izan ditu eta hori bere intimitatearen kontua da. Ni laguntzeko prest agertu naiz eta hainbat aholku eman dizkiet. Probatzeko esan diet. Presarik ez dutela.

Etorkizuna.
Lan asko ateratzen zait. Gasteizko bandako funtzionarioa naiz eta orain sartu naiz berriz. Eta orain pixka bat bateragarriagoa da. Baina argi gelditzeko ez dudala banda uzten lan kargatik, etapa bat itxi behar zelako uzten dut. Eta zaila izango zen edozein momentutan. Eta momentu positibo da hobe. Etapa bat ixten da eta beste bat ireki.