Tunisiako 'zoriontasun arrainek' berea egin dute

Guaixe 2019ko api. 9a, 11:45
Itziar Nazabal, ezkerrean, Palestinako enbaxadan egindako topaketan. UTZITAKOA

Itziar Nazabal artista altsasuarrak arabiar kulturarekiko harreman "berezia" sentitzen du. Martxoaren 23an eta 24an Espainiako Palestinako enbaxadan egon zen emakumezko nazioarteko artisten topaketa batean

Martxoaren 8ko emakumearen egunaren harira Mekki Moursia nazioarteko kultur institutuak eta Espainiako Palestinako enbaxadak Emakumea: nazioarteko elkarkidetzaren esentzia topaketa eta erakusketa antolatu zuen. Bertan, diziplina anitzeko hainbat emakume artista egon ziren, tartean, Itziar Nazabal artista altsasuarra. "Gonbidatua izan nintzen, eta ezin nuen ezetz esan". Gainera, bere artelan bat bi astez topaketarako prestatutako erakusketa kolektiboan egon da Palestinako enbaxadan.

Maroko, Jordania, Tunez... Itziar Nazabalek arabiar herrialdengatik eta kulturarengatik benetako pasioa sentitzen du: "betidanik maite izan dut, eta nire ibilbidea jarraitzen duenak ikus dezake". Herrialde arabiarretatik askotan deitzen dutela esan du Nazabalek eta horren ondorioz jende asko ezagutu duela esan du. "Aukerak ateratzen dira". Esaterako martxoaren 23 eta 24ko asteburuan Madrilen parte hartu zuen topaketa. "Izugarria izan zen, oso polita". Madrilen egon arren arabiar kutsua nabaria zen. "Tea ateratzen zuten, lekua ere oso polita zen. Lorategian olibondo bat zegoen eta han egiten zen ekitaldi nagusia". Ogibide kideekin egoteko aukera izan zuen.

Palestinako enbaxadan
Emakumea: nazioarteko elkarkidetzaren esentzia topaketan hiru emakume arabiar saritu zituzten. "Emakume guztiontzat mundua zaila da, baina artea gogorragoa da. Ezagutzen diren artista gehienak gizonezkoak dira". Arabiarrek "borroka gehiago" egin behar dutela esan du Nazabalek. Sadia izan zen saritutako emakumeetako bat, eta Nazabalek bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen. Poeta eta abeslari palestinarra da, eta "konexio" oso berezia izan zutela esan du altsasuarrak. "Azkenean palestinarrak eta euskaldunak lotura dugu eta nahi gabe elkartasuna nabaria da". Palestinako enbaxadoreak Palestinara joateko gonbidapena luzatu dio Nazabali.

Emakumeak artean
"Asko dago egina, ez da lehen bezala, baina asko egin behar dugu oraindik Europan ere". Arabiar kulturarekiko eta herrialdeekiko harreman "berezia" sentitzen du Nabalek eta emakumea izateagatik ez duela "kriston kontrastea" sentitu adierazi du. "Nik badakit zein den nire prozedura eta zer gai lantzen ditudan. Ez dut inor gaizki sentzea nahi". Hortaz, bere performanceak edo zuzeneko pintaketak egiten ditu, baina sexuaren inguruko gaiak edo biluziak ez dituela egin esan du. "Errespetu kontua da", izan ere, ez zaio "probokatzea" gustatzen: "nahi dudana egiten utzi izan didate". Hala ere, Carlos Rivera artistak ohartarazi zion egiten zuena zein "garrantzitsua" zen: "emakume bezala eta margotzeko gorputza erabiltzea beste puntu bat da".

Serie berria
Tunisiako herri baten zokotik paseoan zihoala Nazabalek "konexioa" sentitu zuen "etxe guztietan" zeuden arrain batzuekin. Eta horien inguruan lan egin behar zuela pentsatu zuen. Gainera, Gashan Tunisiako lagunari galdetuta, arrain horiek zorte onerako jartzen direla esan zion. "Konexioa zerbaitengatik izan nuen. Batzuetan dena bakarrik etortzen da". Bertan zegoela lehenengo esketxak egiten hasi zen, eta dagoeneko serie berri batekin hasi da: lucky fish edo zortedun arrainak. "Nire pasioan lan egin ahal izateagatik eta senideen eta lagunen laguntasuna izateagatik zoriontsu naiz, eta eskertzeko modu bat da".

Serie berria hasi duen arren, Nazabalen "sortzeko prozesua" betikoa izango dela azaldu du. Hortaz, zuzeneko pintaketak edo explosioak egiten jarraituko du. Kritiko batek esan zion bezala, bere sortzeko prozesua performance bat da. Batzuetan, gainera, jendearen aurrean egiteko aukera izaten du. "Ezin dut hori egiteari utzi nire era delako".

"Hainbat proiektu berrien aukerak sortu dira". Hasteko, Aste Santuko oporretan, Madrilgo kazetari batek erreportajea egingo diola esan du. Gainera, arte-merkatari batek berarekin harremanetan jarri da. Bruselasen erakusketa eginen du, "artista arabiar batekin, berriz hor dago konexioa". Beste hainbat proiektu ditu ere hurrengo hilabeteetarako artista altsasuarrak.