Pilotan berdintasuna sustatzeagatik errekonozimendua

Guaixe 2019ko api. 10a, 14:47

Altsasuko Udaleko Emakumeen Bilguneak Otadiko Kristo Deuna Torneoko antolakuntza omendu zuen, torneoan emakumeen parte-hartzea sustatzeagatik

Altsasuko Udaleko Emakumeen Bilguneak Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoko antolakuntzari errekonozimendu egin nahi izan zion, aipatu pilota torneoan emakumezko pilotarien parte-hartzea sustatzeagatik. Hain zuzen ere emakumezkoek iaz hartu zuten parte, lehengoz, Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoan. Sociedad Deportiva Alsasuak eta Pilotajauku klubak antolatu zuten txapelketa lehenengoz, elkarlanean.

Altsasuko Udaleko berdintasun teknikari Arantza Bengoetxeak eman zien saria emakumeen pilota sustatzen duen Pilotajauku pilota klubeko ordezkariei, Dolo Fernandez de Arroiaberi eta Ainhoa Mazkiarani, igande eguerdian Altsasuko Gure Etxean. FB Sakana Institutuak sortutako ‘Hezkidetza’ Eskulturaren 3D-ko kopia jaso zuten oroigarri. Igandean emakumezkoen Lilasterketa proba jokatzea aurreikusten zen Altsasun, eta probari lotuta sortu ziren emakumezkoen berdintasuna sustatzen duen sariketa, baina proba bertan behera geratu zen parte-hartze eskasagatik.