Herrian abiadura muga 30 km ordukoa izanen da

Guaixe 2019ko api. 12a, 12:05
Otadiko Kristo Deuna ermita parean lurrean 40 km orduko abiadura muga jartzen du.

Altsasuko sarreretan hortaz ohartarazten duten seinaleak jarriko dira aurki.

Urtetan auto-eskolako irakasle izandako Miguel Anjel Montesinosek egindako proposamenari segituz, Altsasuko Udalak herri barruan ibilgailuendako abiadura muga 30 km ordukoa izatea erabaki du. Udalak horren berri emanez herriko sarreretan seinaleak jarriko ditu. Erabaki horrek ez dio oinezkoendako eremuei eraginen. Haietan ibilgailuendako abiadura muga 20 km ordukoa da.

Erabakia Tokiko Gobernu Batzordeak hartu zuen hilaren batean. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi duenez, Montesinosek egindako hainbat proposamen Hirigintza Batzordean aztertu zituzten. Horietakoa zen abiadura muga jaistearena. “Foruzaingoak jasotako proposamen guztien bideragarritasun teknikoa aztertu zuen . Foru poliziak, ofizioz, beste txosten bat egin zuen seinaleztapen eta Zelandi eskola ondoko zebrabidearen kokapena hobetzeko neurriak proposatuz”.