Lantegiko arduraduna, hiru lantalde buru eta 11 langile kontratatu nahi ditu, irailean lanean hasteko. Interesa dutenek curriculum vitaea alai@ecotermoformados.com e-postara bidal dezakete.
Alai Ecotermoformados enpresa Isasia industrialdean kokatuko da, aurretik Gamesak, Fluitecnikek eta Gettingek erabili izan duten pabiloian. Hura orain alokatu, egokitu eta irailean lanean hasiko dira. Iñigo Intxausti zuzendari nagusiak esan digunez, “Altsasuren kokapen onarengatik, opatu dugun lantokia ona delako eta herrian industria tradizioa dagoelako aukeratu dugu enpresa Altsasun jartzea”. Gaineratu duenez, “15 langilerekin hasi nahi dugu: lantegiko arduraduna, hiru lantalde buru eta 11 langile. Baina bost urte barru 50 langile izatea aurreikusten dugu”. Hiru ardura maila direnez, hiru aukeraketa prozesu eginen ditu enpresak. Haietan interesa duten langileek euren curriculum vitaea alai@ecotermoformados.com e-postara bidali beharko dute.
18.000 metro karratuko lantegian bi produktu eginen dituzte: elikagaiak biltzeko plastikozko ontziak (% 80) eta garraiatzerakoan elkarren kontra ez jotzeko industriako piezak kokatzeko propio modututako azpilak (% 20). Enpresaren izenean dagoen “eco” horrek salatzen du Altsasun eginen direnen bereizgarria zein izanen den: “bezeroek gero eta gehiago birziklatutako materialak eskatzen ari dira. Kutsadura murrizteko eta ingurumena zaintzeko ardura gero eta handiagoa da. Guk birziklatutako materialekin azpilak eginen ditugu”. % 100ean birziklatutako PET-a, artoaren almidoitik sortutako PLA… Intxaustik argitu digunez, “almidoietatik gero eta material berri gehiago sortzen ari dira”. Eta horiek dira, hain zuzen, Alai Ecotermoformados-ek erabiliko dituen lehengaiak.
Iraila bitartean Alai Ecotermoformados enpresa BRC eta ISO 14.000 ziurtagiriak lortzeko tramitazioan ari da. Aurrenak elikadura segurtasuneko lege betebeharrak betetzen direla ziurtatzen du, kontsumitzaileari babes maila gorena ziurtatzeko. Bigarren ziurtagiriarekin Ingurumen Kudeaketa Sistema eraginkorra ezarri nahi dute, ingurumenean eraginak murriztu eta ingurumen arloko legedia betetzeko. Intxaustik iragarri duenez, bi milioi euroko inbertsioa eginen dute, faseka.
Jatorria
Altsasun kokatuko den enpresaren jatorria Irungo Plasticos Alai enpresa da. 44 urteko ibilbidea duen lantegi horretan lau produktu egiten dituzte: plastikozko profilen estrusioa (argiteriarako, altzarietarako, seinaleztatzeko, autobusendako, hodiak… ), elikagaiak biltzeko ontziak, aeronautika eta automozioko pieza txikiak garraiatzerakoan elkar ez jotzeko eta ez hondatzeko haiek ongi kokatutako joateko azpilak eta altzariendako plastikozko ertzak.
Intxaustik azaldu digunez, “azken urtetan enpresa hasi egin da eta 100 langile gara. 8.000 metro karratuko azalera duen lantegia txiki gelditu zaigu. Ekoizpenaren zati bat handik atera eta Altsasura ekarriko dugu”.