Sistema Publikoko Pentsioen Defentsaren aldeko Nafarroako Koordinadorak hauteskunde bezpera aukeratu du bere aldarrikapenak kalera ateratzeko. Hauteskunde kanpaina hasi berritan sistema publikoko pentsioen aldeko mobilizazioa antolatu du. Koordinadorako kideek azaldu digutenez, “2016tik Madrilen eta Nafarroan boterea izan duten ia alderdi guztiek pentsiodunak apenas izan gaituzte kontuan. Beraz, inor ez dadila asaldatu bukatzen den legegintzaldia milaka pertsonarendako penagarria dela esaten badugu”.
Koordinadorako kideak kexu dira gutxieneko 1.080euroko pentsioa ezarri ez delako. Gogorarazi dute hori eskatuz Nafarroan Herri Ekimen Legegile batek 7.000 sinadura baino gehiago jaso zituela baina UPNk, PPk, PSNk, Geroa Baik eta I-Ek atzera bota zutela. “Horregatik, hauteskunde bezperan kalera ateratzera behartzen gaituzte”. Biharko manifestazioarekin zera aldarrikatu nahi dute: “ekonomikoki bizi duina izatea gure bizitzaren azken zatia den jubilazioan”.