"Sufritu gabe hiltzeko aske izan behar gara"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko api. 12a, 08:49
Malusa Barandiaran mediku altsasuarra.

Apirilaren 15ean, astelehenean, Duintasunez Hiltzeko Elkarteko kide den Manuel Eciolaza medikuak hitzaldia emanen du Iortia kultur gunean. Malusa Barandiaran mediku altsasuarra elkarteko kide da

1. Zer da Duintasunez Hiltzeko Elkartea?
Hiltzea denoi dagokigu eta familia guztietan izan dugu hiltzearekin harremana. Osasungintzan lan egiten dugun asko konturatu gara badaudela gauza asko egiteko egoera txar horren aurrean. Orain dauden baliabideekin gaixo dagoen pertsona bat hobe egoteko eta sufrimendu gutxiago izateko gauza gehiago egin daitezke. Horrela familiakoei eta ingurukoei laguntzen zaie ere. Baliabide teknikoak daudela uste dut eta elkarte honen helburua baliabide tekniko horiek legeztatzen eskatzea eta bide hori irekitzea eta hobetzea.

2. Elkartea medikuek osatzen duzue?
Ez. Batez ere emakumeak gara elkarte honetan. Laguntzeko eta zaintzeko rol horietan batez ere emakumeak egoten gara, eta elkarte honetan nik uste emakume gehiago garela. Egia esan ez naiz bileretara joaten, baina elkarteak gauza asko egiten ditu.

3. Zeintzuk?
Informazioa zabaldu behar da eta legeak aldatzen saiatu behar gara. Eutanasiaruntz joan behar da. Europan eta hainbat herrialdetan egiten da eta nik uste bidea hori izan daitekeela. Jakinda bakoitzaren iritzia eta erabakia dela. Ez da derrigorrez bete beharreko gauza bat. Bakoitzak jakin behar du zein den bere bizitza proiektua eta nola gauzatu nahi duen bere bizitzaren zati bat edo agurra.

4. Nola sortu zen?
Elkartea Madrilen jaio zen. Esperanza Agirre Madrilgo presidentea zenean Leganesko ospitalean larrialdi zerbitzu burua zena, Luis Montes, espedientatua eta zigortuta izan zen hilzorian zeudenei trantze hori hobetzen lagundu zielako. Montesek ikusi zuen, eta horregatik hartu zituen erabaki horiek, nire ustez guztiz egokiak, jendea ez zela ondo hiltzen ari. Jendea sufrimenduz hitzen ari zen eta trantze hori luzatzen zen, behar ez zenean. Horregatik orain heriotza duinari buruz hitz egiten dugu. Elkartearen leloa da 'Aske bukaerara arte'. Askeak izan behar gara. Badago aukera askeak izateko. Ez da inor derrigortzen. Nik seme-alabei ez diet ardura bat utzi nahi. Nik erabaki behar dut eta haiek jakin behar dute nik zer nahi dudan.

5. Hitzaldian hiru gai jorratuko dira. Lehenengoa bizi testamentua da.
Bidearen hasiera da. Orain egin daitekeena da. Nafarroa estatuko herrialde aurreratuenetako bat da jende askok egin duelako. Aurretiko borondateen agiria deitzen da eta elkarte honek horiek egiteko zabaltzen lan handia egiten du. Mota asko daude: Nafarroako Gobernuak egin duena eta DHE elkartean erabiltzen dena. Bertan agertzen da segun eta zein momentutan eta zein baldintzetan zauden nola nahi duzun artatzea: tratamendua jasotzea nahi duzun edo ez, antibiotikoak hartu nahi duzun edo ez, intentsiboetara sartzea... Gainera, elkartearen agirian Gobernuarenean agertzen ez den puntu bat agertzen da: noizbait eutanasia legeztatuko balitz eutanasiaren eskubidea izatea nahi duzula.

6. Legalki araututa dagoena da.
Bai, eta geroz eta errazagoa da egitea. Edozein osasun etxetan egin daiteke. Gizarte langilearengan kontsultara joan behar zara eta hor bertan egin daiteke. Lehen lekuko bat izatea eskatzen dute, baina orain ez. Norbera joan daiteke eta zazpi egunetan erregistroan aktibatzen da. Gero klinika historial guztietan agertzen da. Erakutsi behar duzu askatasunean eta behartu gabe hartzen duzula erabaki. Gainera, erakutsi behar duzu ere erabakitzeko ahalmena duzula. Nirekin lan egiten duen gizarte langile batek esan zidan bikote bat etorri zela eta emakumea dagoeneko oso gaixorik zegoela eta ezin zuela ezer egin. Senarrak mesedez eskatu zion. Baina ezin. Orain egin behar dugu, ongi gaudenean.

7. Betetzen dira bizi testamentuak?
Gizarte langile honek esan dit hau hasiera dela. Duela ez dakit zenbat urteko hasiera. Profesionalei ere kostatzen zaigu. Lehenengo pantailan agertzen da testamentu hori duten edo ez. Baina izan daitezke hainbat kasu eta hainbat egoera ez zarela konturatzen hori egina duzula eta nik uste hori begiratzen eta lehenesten ere guk ikasi behar dugula. Testamenturik gabe protokolo orokorrak aplikatuko zaizkizu. Baina protokolo berezi bat edo zure izaerarekin edo pentsamenduarekin bat datorren tratamendua nahi baduzu azaldu eta aurkeztu behar duzu. Legeak ere aldatu behar dira. Legegintza honetan eutanasia hiru proiektu aurkeztu dira eta ez dira atera.

8. Eutanasia ez da legala. Nola legeztatu behar dela uste duzu?

Belgikan, Herbehereetan eta hainbat estatu gutxi batzuetan dago legeztatuta. Gehienetan ez. Lege egokiena izango zen eutanasia onartzearena. Onartzea norbaitek ezin duenean jan, hitz egin edo mugitu, esaterako, erabaki dezakeela hiltzeko zerbait hartu nahi duela. Eta botika horiek salgai daude. Mediku batek egiten dizu errezeta, Belgikan bezala. Hori da bidea.

9. Eta norbait hiltzen laguntzen baduzu, nahiz eta pertsona horrek eskatu?
Orain ikusi dugu. Epaiketa eta kartzela zigorrak egon daitezke.

10. Mari Jose Carrascoren kasuarekin debatea berpiztu da.
Urrian Altsasuko Udaleko bilkuran aurkeztu genuen mozio bat ea udalak onartuko zuen elkartearen ildoa edo helburuarekin bet egiten zuen. Onartu zen UPNren abstentzioarekin. Pleno horretan erabaki zen hitzaldi bat egitea. Horregatik antolatu dugu. Bitartean gauzak gertatu dira. Batzuetan zerbait arrotza bezala ikusten dugu gaia, beste batzuei gertatzen zaiela. Baina gurekin dagoen gai bat da.

11. Zergatik erabaki zenuen elkarteko kide izatea?
Arrazoi pertsonalengatik eta profesionalengatik iritsi naiz. Nire amak esan zidan hegoak beharko genituela gauzak gainetik ikusteko. Ez geratzeko egunero ikusten dugunarekin. Gauza batzuk aldatu behar direla uste dut. Lanean ikusten dugu batzuei asko kostatzen zaiela hiltzea eta eskuak lotuta ditugu. Carrascoren kasuan ikusi dena da maitasuna eta ausardia ikaragarriak. Gizartean behar dugu maitasun eta ausardia gehiago. Tristea da egoera triste horretan ezkutatzen egon behar izatea. Badakigu aukera hori badagoela eta egon behar izatea inork ez enteratzen gartzelara ez joateko, sufrimendua areagotzen da. Nik badut lagun bat hiru hilabetetan hil egin zena. Aurretik bazuen egina bizi testamentua eta asko sufritu zuen. Baina sosegua eman zion jakiteak hori zuela.

Erlazionatuak