Hauteskunde atarian pentsiodunek “euren burua kalera ateratzera eta gure bizitzaren azken faserako bizi duina defendatzera behartuta” ikusi dute. Manifestazioetako bat Altsasun izan zen larunbatean eta kalean 200 bat pertsonek bat egin zuten pentsio duinen aldarrikapenarekin. Pentsiodunek gaztigatu zutenez, “zaila da ulertzea gizarteak ez ikustea zein egoeratan gauden pentsiodunok gaur egun. Eta zaila da, halaber, gazteek ez ikustea batzuen asmoa dela hemendik gutxira zerbitzu publikoak pribatu bihurtzea”. Salatu zutenez, “sistema kapitalista ondasun publikoen harrapari aseezina da, baita gure aurrezkiena ere”. Europa osoan banakako pentsio planak bultzatu nahi direla nabarmendu zuten.