Altsasuko tren geltokian agerraldia egin zuten Ione Belarrak, Nafarroako Ahal Duguko Kongresurako hautagaiak eta Ahal Duguren Altsasuko alkategaia eta Nafarroako Parlamenturako 4. hautagaia Virginia Alonsok. Aurrenak nabarmendu zuen Abiadura Handiko (AHT) trenak Sakanan eragin “brutala” izanen lukeela. “Ingurumen, lurralde egituraketaren eta nafarrendako aurreikusi ezin diren ondorioak ekarriko lituzkete”.
Belarrak gaztigatu zuenez, “AHTren ereduak ez die jendearen beharrei erantzuten. Eredu honek ekarri duen bakarra dira jasangaitza diren gainkostuak eta ustelkeria dira. Helburua ez da jendearen beharrak asetzea, baizik eta negozioa egitea eta gure herrialdeko eraikuntza enpresa handiak negozioa egitea”. Txinaren ondoren AHT km gehien duen estatua Espainia dela azaldu zuen Belarrak. Ez du zentzurik. Ikuspegi desarrollistatik soilik. Lurralde egituraketa erdigunean ez du jartzen”.
Ahal Duguko hautagaiak esan zuenez, “jendearen beharrak erdigunean jarriko duen tren sozialaren alde” egin zuen. Argitu zuenez, “inbertsioaren % 70 AHTra bideratu da eta tren erregional eta distantzia ertainekoetara % 30. Aurrenekoak egunero 35.000 pertsonak erabiltzen dute eta bigarrenak bi milioi. “Azpiegiturak gero eta utziagoak daudela eta tren maiztasuna jendearen beharrei egokituta ez daudela nabarmendu zuen. “Ordutegiak lantegien eta ikastetxeen ordutegi sarreratara egokitzea” eskatu zuen. “Egungo trenbidea berrituta, bikoiztuta eta hirugarren erraila jarrita Nafarroatik Madrilera bi ordu eta erdian iritsiko ginateke”. Euren ekinbideak PPk eta PSOEk atzera bota dituztela jakinarazi zuen.
Bestetik, Alonsok tren soziala honela definitu zuen: “tren modernoa, pertsonak konektatuko gaituena, herrietan bizi garenoi bertan segitzea erraztuko diguna”. Alonsok gaineratu zuenez, “langileek eta ikasleek trenez joan-etorriak egiteko aukera izan behar dute, hezkuntzarako eta lanerako eskubidea bete dadin”. Horregatik guztiagatik, “jendeari baliagarria zain trenbidea behar dugu, AHTrik ez dugu behar”, ziurtatu zuen. AHTk “ingurumen eta gizarte hondamendia” ekarriko lukeela ziurtatu zuen.