CBASK-ek San Ignacioren kontrako bigarren partida irabazi du eta berdinketa hausteko partida jokatu beharko dute bi taldeek

Guaixe 2019ko api. 16a, 09:44

Autonomia Arteko 2. mailako 2. faseko 1 eta 8 postuen arteko ligaxkako 2. jardunaldian CBASKek 68 eta 55 irabazi zion San Ignaciori. Hortaz, berdinketa hausteko partida jokatu beharko dute bi taldeek apirilaren 27an Iruñean

Autonomia Arteko 2. mailako lehen fasea despeditu eta gero, 2. fasean murgilduta dago Altsasuko CBASK taldea. Altsasuarrak 1 eta 8 postuen arteko ligaxkan jokatzen ari dira eta 2. fase honetan, final laurdenak jokatzen ari dira. Final laurdenetan lehen faseko liga erregularra irabazi zuen San Ignacioren kontra aritzea egokitu zaio CBASK taldeari. Lehen jardunaldian, joaneko partidan, 91 eta 51 irabazi zion San Ignaciok CBASK taldeari, baina asteburu honetan, larunbatean Zelandi kiroldegian jokatutako 2. jardunaldiko itzuliko partidan, CBASK primeran aritu zen eta 68 eta 55 irabazi zion San Ignaciori. Horrela, banakako berdinketa hausteko partida jokatu beharko dute bi taldeek. Apirilaren 27an jokatuko dute partida, 20:00etan, San Ignacio kiroldegian, Iruñean. Irabazten duen taldea finalerdietara pasako da eta galtzen duena, aldiz, 7 eta 8 postuak erabakitzeko partidara.