Dantza, afizioa baino gehiago

Guaixe 2019ko api. 23a, 12:09
Sutan dantza taldea Burgosko Dance World Cup Spain lehiaktaren koreografiaren une bat. DWC

Altsasuko lau dantzariek Dance World Cup Spain dantza lehiaketan parte hartu zuten apirilaren 11n eta 14an: Saioa Iraizoz dantzaria eta Sutan taldeko Igone Augusto, Leire Bujanda eta Nerea Llamas. Esperientzia "izugarria" izan dela diote laurek

Apirilaren 11tik 14ra Dance World Cup Spain dantza lehiaketa jokatu da Burgosen. Espainia mailako dantza lehiaketa da, eta irabazleek mundu mailako DWC lehiaketan parte hartzeko txartela lortzen dute. Hortaz, goi mailako dantza lehiaketa da. Lehenengo aldiz dantzari altsasuarrek parte hartu zuten Burgosko lehiaketan. Saioa Iraizoz dantzaria bakarlari moduan aritu zen apirilaren 11an eta Sutan dantza taldeak parte hartu zuen igandean, apirilaren 14an. Esperientzia "ikaragarriarekin" gelditzen dira dantzariak.  

Espainia mailako lehiaketa batean parte hartzen zuen lehenengo aldia zen Saioa Iraizoz dantzari altsasuarrendako. Bakarrik joaten zen, gainera. Oihu Loreak dantza taldeko kide da, baina oraingoan bakarrik aritu zen "18 urte baino gehiago nituenez ez nintzen Youth sailean sartzen". Hala ere, Oihu Loreak taldeak Bilboko Dantzatu lehiaketan amaitu zuen lehiaketa denboraldia.

Dantzari bakarlaria
"Gainontzeko lehiaketekin alderatuz dena desberdina zen". Beste maila bat zegoela esan du Iraizozek. Auditorioa eta agertokia, beraz, mailarekin bat egiten zuten eta "izugarri handiak" zirela esan du dantzariak. Hasieran beldurra sentitu zuela onartu du: "baina gero ateratzen zara, zure musika jartzen dute eta ni bakarrik egongo banintz bezala sentitu nintzen. Publikorik gabe, epailerik gabe".

Maila honetako lehiaketa batean bakarlari moduan parte hartzea "aurrerapauso handia" izan da eta beti gogoratuko duen esperientzia izan da. "Bakarkako dantza bat ez da taldeko dantza bat bezala. Zu bakarrik zaude". Beraz, "gorputzarekin" egindako lanarekin pozik gelditu da Iraizoz. Gainera, hilabete edo hilabete eta erdiz baino ez zuen entseatu. Otsailean edo martxoan parte hartzea erabaki zuen, eta bitartean Oihu Loreak taldearekin hainbat lehiaketan parte hartu du eta taldeko entseguetan aritu da gehien.

Sutan
"Esperientzia itzela izan da". Igone Augusto, Leire Bujanda eta Nerea Llamas Sutan taldeko kideak dira. Dantza taldea urrian sortu zuten, baina dantza da hiru kideen pasioa. Taldea sortzea urrats logikoa zen. Gaztea Irratiak antolatzen duen bideo lehiaketan publikoaren saria jaso zuten abenduan eta ordurako Burgosko lehiaketan parte hartzea erabaki zuten. "Datorren urterako prestatzeko proba bat izan da. Ez dugu esango probatzera joan garela, lan asko egin dugulako, baina lehenengo aldia zen maila horretako lehiaketa batean eta ez geneukan irabazteko espektatibarik".

Dantza liriko-garaikidea "oso polita" egin zuen Sutan dantza taldeak. Abendu partean hasi ziren lehiaketarako koreografia prestatzen. Agertokira atera zirenean urduri zeuden, izan ere, ezagutzen ez zuten agertoki batean aritzeagatik "inpresio" pixka bat izan zuten. Hala ere, hirurak egoteak "ziurasuna" eman zien: "ongi egingo genuenaren eta dena ateratzen zitzaigunaren segurtasuna geneukan". Hortaz, "oso gustura" egon zirela eta "asko disfrutatu" zutela esan dute.

Maila handia zegoela nabarmendu dute Sutan taldeko kideek. "Dantza eskola asko zeuden eta bakoitzak talde eta dantzari asko eramaten zituen hainbat estilotan parte hartzeko. Maila altu batekin topatu ginen, baina espero genuen".

Asteburuan bizitakoarekin gelditzen dira dantzariak. Izan ere, "hiruetatik" ikasi dute. "Oso positiboa izan zen. Lehiaketan ikasi dugu, baita hirurak elkarrekin pasa dugun denboran ere. Barre asko egin dugu ere".

Etorkizuna dantzan
Dantzarekin lotuta daude Igone Augusto, Leire Bujanda, Saioa Iraizoz eta Nerea Llamas. Soinketa erritmikoan hasi ziren laurak, Irantzu Gonzalez dantzariak eskolak ematen hasi zen arte. Dantza "pasioa" zela ikusi zuten orduan. Orain, ez dute bizitza irudikatzen dantza egin gabe. Beraz, lauren helburua edo ametsa dantzaz bizitzea da. Hala ere, horretarako trebatzen jarraitu behar dutela argi dute.

"Mundu hau oso zaila da eta indarra eta ideiak oso argi izan behar dituzue mundu honetan sartzeko". Saioa Iraizozek Madrilera dantza ikastera joan nahi du. Argi dauka dantzarekin jarraituko duela, "ziur".



Sutan dantza taldearen kasuan momentuz hainbat proiektu dituzte eskuartean. Esaterako, beste bideo musikal bat grabatu nahi dute. Baina helburua, momentuz, trebatzen jarraitzea da. Beraz, besteak beste Madrilgo eta Bilbora goi mailako dantza eskoletara joatea pentsatu dute. "Helburua momentuz hobetzea da. Eta bidean ongi goazela uste dugu hasieran uste genituen gauza asko ateratzen zaizkigulako orain".