1931ko apirilaren 14an ezarri zen II. Errepublika. Efemeridea gogoan Altsasuko Ezker Batuak errepublikaren eta askatasunaren aldeko ekitaldia antolatu zuen. Arturo Carreñok hartu zuen hitza eta gogorarazi zuen II. Errepublika militarrek emandako estatu kolpearen ondorioz hiru urteko gerra zibila izan zela eta hala erori arazi zutela. “Hainbeste urteren ondoren 100.000 fusilatu, eraildako eta desagertutakoen gorputzak bilatzen ari dira ezpondetan, lezeetan eta Erorien Haranean.
Ezker Batuko kideak gaineratu zuenez, “Francoren 40 urteko diktaduraren eta gaizki deitutako demokraziaren beste horren beste urteren ondoren, gure gurasoek, aiton-amonek kaleetan, fabriketan eta lan zentroetan egindako borrokarekin lortutako guztia bertan behera erortzen ari direla ikusten ari gara”. Zinegotzi izandakoak gaineratu zuenez, “hamar urteko krisiaren ondoren herrialde hau ez du behar bezala arrankatzen. Herri mugimenduak kalean daude justizia, gizonezko eta emakumezkoen arteko soldata arrakala desagertzea, pentsio duinak, lan duina eta aberastasunaren banaketa zuzena”.
“Adorerik gabe ikusten dugu Justizia ez dela proportzionala Manada eta Altsasu auzietan”. Pentsiodunak astelehenero kalera ateratzen direla eta haien eskaerak gogorarazi zituen. Etxegabetze ugarik familiak kale gorrian uzten dituela nabarmendu zuen. Bitartean Abiadura Handiko Trenen linea berriak eraikitzeko dirutza gastatzen ari dela salatu zuen. Herriak eta eskualdeak lotzen dituen trenaren alde egin zuen. “Martxoaren 8 bakoitzean milaka emakumezkok berdintasun, Justizia eta lan duin gehiago eskatzeko kalera ateratzen dira”.
Carreñok gaineratu zuenez, “halakoak gertatzen ari dira berdin PSOE berdin PP boterean direla”. Eskuin muturraren arriskuaz gaztigatu zuen. Eta hauteskundeen atarian gaudela, Carreñok adierazi zuenez, “ez du etxean gelditzea balio. Botoa eman beharra dago. Errepublikazale eta ezkertiarrak garenok ardura handia dugu, eskuin hori boterea lor ez dezan”. Botoa ematera deitu zuen, “pixka bat hobe bizi ahal izateko. Berdintasunezko jendarte baten alde. Aberastasunaren banaketa justuaren alde. 3 milioi baino gehiagoko langabe kopurua murrizteko. Migratzaileak ez baztertzeko”. Herrialdeak “aldaketa eta aurrerabidea” behar zituela gaineratu zuen, hobetu beharreko hainbat arlo nabarmenduz: hezkuntza publikoa, osasun publikoa, mendekotasuna, lan duina eta den-denen ongizatea”. Altsasuko auziagatik preso zeudenendako agurra bidali zuen.