Klinika apaintzen eta laguntzen duten artelan solidarioak

Guaixe 2019ko api. 24a, 11:58

Josefina Arregi klinikan Fernando Garcia Carreroren margolanen erakusketa eta salmenta dago

Azken hilabeteak Josefina Arregiko publikora irekita dagoen korridorea erakusketa gela bihurtu da. Koadroetan Beriain mendia, Iruñea, Eunate, Orreaga eta Nafarroako beste hainbat paisaia ikusten dira. Baita loreak eta bodegoiak ere. Fernando Garcia Carrerok oleokin mihisean irudikatutakoa. Garcia Josefina Arregiko pazientea izan zen eta orain Rosa Artetxe, Garciaren alarguna, margoak eman ditu Altsasuko klinika laguntzeko. Hortaz, asteartetan eta ostegunetan 17:00etatik 19:00etara erakusketa irekita dago eta artelanak erosteko aukera dago.

Eskertza
Asturiarra sortzez Iruñera bizitzera joan zen Francisco Garcia. Mendi ingenieri teknikoa zen, baina margotzea "izugarri" gustatzen zitzaion, Patxi Goikoetxea Josefina Arregi klinikaren lagunak elkarteko kideak adierazi duenez. Alzheimer izan zuen eta klinikan artatu zuten. "Rosa Arretxe, alarguna, klinikarekin oso eskertuta zegoen eta horregatik etxean zituen senarraren margoak ematea erabaki zuen". Koadro horiekin pazienteak ez dauden klinikaren zonaldean erakusketa egin dute. Erakusketa "edonork" ikus dezake.
Guztira 34 margolan eman ditu Artetxek. Nafarroako paisaiak eta bodegoiak agertzen dira bertan. Oleokin margotuak gehienak. Guztiak salgai daude. Margolanen prezioa 200 eta 1100 euro tartean dago eta irabazi guztiak Josefina Arregi klinikaren lagunak elkarterako izanen dira. Izan ere, elkarteak bazkideen eta hainbat entitateen ekarpenekin egiten du aurrera. Baita bazkideek egiten duten auzolanarekin ere.

Arte diziplina ezberdinek presentzia handia dute klinikan. Alzheimer eta dementzia gaitzetan espezializatuta dago klinika eta terapien artean musikoterapia eta arte-terapia saioak egin dituzte ere.

Goikoetxeak azaldu duenez, elkarteak lortzen duen ekarpenekin terapia zehatzak egiteko erabiltzen ohi dute. Esaterako, Erkudengo Ama abesbatzak iaz egindako kontzertu solidarioaren irabaziak musikoterapiarako instrumentuak erosteko erabili zuten. Bestetik, Garciaren margolanekin lortutakoa "margotzeko" erabili dezaketela esan du Goikoetxeak: "klinika margotu behar da, aprobetxa genezake". Hala ere, elkartera egindako ekarpen guztiak ongi etorriak dira. Izan ere, elkartea 2011an sortu zen klinikak laguntza behar izan zuenean.
Erakusketa urte bukaera arte egonen dela esan du Goikoetxeak eta margolan guztiak saltzen badira, Artetxe gehiago emateko prest dagoela esan du. Asteartetan eta ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara, elkarteko kideak egoten dira margolanak erakusten eta salmentaren inguruan informazioa ematen.