"Ikusten ez den lan handia egin dute"

Guaixe 2019ko api. 18a, 13:04

Birjiñe Albira Iortiako antzerki tailerreko zuzendaria da. Tailerra urrian hasi zen zortzi parte hartzaileekin. Antzezlana taulartzeko unea iritsi da: apirilaren 27an izanen da, 19:30ean, Iortia kultur gunean

Eder Goicoechea, Jone Pelaez, Juani Santano, Rober Rodriguez, Isabel Borrega, Bea Ganuza, Sergio Molero eta Alberto Alvaro dira Iortiako antzerki tailerreko aktoreak. Haiek sortu dute ikasturte bukaeran eginen duten antzezlana Birjiñe Albira antzerkigilearen zuzendaritzapean. Astean bi orduz aritzen dira. Denbora gutxi dela dio Albirak, baina denbora horretan egin dutena "mundiala" da. Apirilaren 27an, 19:30ean, ¡Pero que me estas contando! egingo dute Iortia kultur gunean.

Tailerrean antzezlan bat prestatzen duzue. Nola da prozesua?
Taldearen araberakoa da. Abiapuntua pertsonaiak dira, hauek nola erlazionatzen diren eta non kokatzen ditugun. Orduan, beraiek proposatzen dutenarekin istorioa osatzen goaz. Prozesua mantsoago doa, baina sormen aldetik askoz aberatsagoa da. Azkenean sortzen dugun istorio honetan guztiek parte hartzen dute eta bakoitzak nahi duen neurrian. Saiatzen gara bakoitzak nahi duena egiten. Denek dute bere momentua eta bere tokia. Beraiek erabaki dute hori egitea, eta lasaitasun horrekin lan egiten dute. Kurtso bukaeran antzezlana egitea oso ongi dago, baina beste aldetik presioa handia da. Denbora gehiago beharko genuke beti. Horretara oso zuzenduta dago eta beti gelditzen zaigu hankamotz.

Beraz, tailerraren helburua antzezlana egitea da?
Bai, eta helburu hori oso ongi dago. Antzerkia jendearen aurrean egiteko da, baina badaude beste helburu batzuk ere eta guztia kudeatzea daukagun denboran batzuetan zaila da. Baina lortzen dugu.

Zeintzuk dira bete beharreko helburu horiek?
Badaude antzerkigintzarekin lotuak daudenak eta, beste aldetik, oso sozialak direnak. Lehenengoa antzerkigintzen ematen den prozesua da: sormena lantzen, adierazpena handitzeko trebetasuna izaten, ahotsa lantzen, agertoki batean mugitzen... Ez dira berez teknikoak, baina oinarrizko gauzak dira. Denbora nahiko daramatenek gauza horiek sakondu behar dituzte. Beraiek ez dira oso kontziente, baina lanerako teknika desberdinak erabiltzen ditugu. Baina ez diet teknika hau edo beste erabiliko ditugu. Sozialki helburuak oso garrantzitsuak dira, ahalik eta gehiago hainbat taldeekin. Geroz eta gehiago ikusten dut autoestimuaren kontua. Hasieran asko sufritzen dute eta ez direla gauza esaten dute. Bukatzen dutenean oso gaizki egin dutela esaten dute, baina egin dutela. Beraz, autoestimurako ona da. Erlazionatzeko beste modu bat ere bada, bere burua beste toki batean ikustea. Hona sartzen direnean kanpoko gauzak kanpoan uzten dituzte eta hemen disfrutatzen dute. Erlaxatu egiten dira eta beste mundu batzuk ezagutzen dituzte. Hori oso gauza aberasgarria da.

Eta lotsak.
Batzuetan oso zaila da. Ariketak leunak izaten dira eta konturatu gabe badoaz sartzen. Poliki lotsak badoaz eta izugarrizko ziurtasuna ematen die. Oso gauza polita da.

Tailerra praktikoa da, ez?
Dena ariketak dira. Inprobisazioekin lan pila bat egiten dugu. Haiek uneoro sortzen dute. Nik proposatzen diet, baina beraiek eman dutenarekin. Orduan uneoroko hartu eman hori dago, gelditu gabe.

¡Pero que me estas contando! antzezlana sortu duzue. Zertaz doa?
Aurtengo lana, nolabait esateko, inoiz baino serioagoa da. Umore puntua ere badauka, bestela hemendik lur jota aterako ginateke. Familia baten bizitza apurtu egiten da alabari eraso egiten diotenean. Nola kontatu eta nola salatu oso garrantzitsua bihurtzen da. Hortaz, irratiek nola tratatzen duten oso garrantzitsua da. Beraz, irrati bat oso sentsazionalista da, beste batean justua dena justua da eta legala dena legala da, eta hirugarren familiako gizon batek sortzen duen irrati librea dago. Informazioa nola ematen den kontatzen dugu, baita neskari gertatzen zaiona eta horri ematen zaion tratamendua ere lantzen dugu.

Zer nabarmenduko zenuke?
Batzuetan publikoa garenean ez gara konturatzen horrelako tailer bat aurrean daukagunean horren atzean dagoen lana. Epaitu egiten dugu. Bati esaldi bat ahaztu egiten bazaio, mundu bat egiten dugu. Nola da posible ahaztea ikustera etorri bagara. Emaitza ikusten dugu bakarrik. Aurten inoiz baino gehiago berdin zait ikuskizunaren erdian moztu behar badugu izugarrizko korapila sortu delako. Ez dela gertatuko. Baina kasu guztietan orain arte egindako lan pertsonala hain da handia, publikoak ezin duela jakin atzean dagoen guztia. Eta pena ematen dit. Aurten bereziki izugarria izan da. Bakoitzak beraien bizitzetan eta pertsonalki dituzten zaitasunak eta guztiari nola egin dioten aurrera... ikaragarria da.