CBASKeko lau jokalari Nafarroako Saskibaloi selekzioko entrenamenduetan

Guaixe 2019ko api. 30a, 14:57

Ziordian jokatutako 3x3 Saski Topaketa. Tartean daude Atikilt Arretxe, JOhansel O´Neal eta Imanol Ramirez.

Nafarroako Saskibaloi Federazioak entrenamendu espezifikoak eginen ditu maiatzean selekzioak sortzera bidean. Deitutakoen artean Altsasuko CBASK taldeko lau jokalari daude

Nafarroako Saskibaloi Federazioak Nafarroako saskibaloi selekzioak osatzeko bidean hainbat saskibaloi jokalari deitu ditu maiatzean Iruñeako Larrabide kiroldegian entrenamendu espezifikoak egitera, eta tartean Altsasuko CBASK taldeko lau saskibaloi jokalari daude. Entrenamenduak egin ahala eta neska-mutilen erantzuna ikusita, behin betiko Nafarroako saskibaloi selekzioak sortuko ditu federazioak, 12 jokalariz osatutakoak, eta Espainiako Txapelketetan ariko dira Nafarroako Saskibaloi selekzio horiek.

Zubiria, Arretxe, O´Neal eta Ramirez  
Emakumezkoen lehen urteko kadeteen selekzioan deitu diren 31 jokalarien artean CBASK taldeko Ane Zubiria dago. Entrenamenduak Larrabiden eginen dituzte, maiatzaren 18an, 18:30etik 20:00etara eta igandean, 12:30etik 14:00etara. Gizonezkoen haurren mailan 49 saskibaloi jokalari deitu dituzte eta tartean dago CBASK taldeko Atikilt Arretxe. Entrenamenduak maiatzaren 25ean, 11:00etatik 12:30era eta 17:30etik 19:00etara eta maiatzaren 26an, 9:00etatik 10:30era egingo dituzte.
Gizonezkoen minibasket mailan 38 mutil deitu ditu Nafarroako Saskibaloi Federazioak entrenatzera, eta tartean CBASK taldeko Johansel O´Neal Ledesma eta Imanol Ramirez daude. Larrabiden egingo dituzte entrenamenduak, maiatzaren 11n, 18:00etatik 19:30era, maiatzaren 12an, 10:30etik 12:00etara, maiatzaren 18an, 16:30etik 18:00etara eta maiatzaren 19an, 9:30etik 11:00etara.