Udalak jubilatu elkarteari diru-laguntza handitu dio

Guaixe 2019ko mai. 4a, 09:34

Altsasuko jubilatu elkartearen egoitza.

Funtzionamendu gastuak ordaintzera bideratuko dira. Mariano Aierra Redinen liburua Txalapartarekin berrargitaratzeko akordioa ere onartu du.

Altsasu Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak La Union jubilatu eta pentsiodunen elkartearekin hitzarmen berria sinatzea erabaki zuen astelehenean. Elkarteak udalak utzitako eraikina erabiltzen du. Argindar, ura, gasa, berogailua, hondakinak, telefonoa, aseguruak eta mantentze gastuak ordaintzeko udalak elkarteari dirulaguntza ematen dio. Erabakitakoaren arabera aurten 13.857 euro izanen dira, aurrekoan baino 3.000 euro gehiago.

Bilkura berean udalak erabaki zuen Txalaparta argitaletxearekin kontratua egitea, hark Mariano Aierra Redinen No me avergonce del evangelio liburua berrargitaratzeko. 1936ko estatu kolpearen ondorengo errepresioaren berri jaso zuen liburu horretan Aierrak. Historia memoriaren lekukotza hori herritarren eskura jartzeko udalak argitaletxeari 7.000 euro pagatuko dizkio. Udalak 10 ale dohain jasoko ditu. Eta bere konpromisoetarako % 40ko deskontuarekin eskuratzeko aukera izanen du, beti ere, saltzeko ez badira.

Baso lanak
Aurtengo basolanak Excavaciones y Construcciones Bartolo SL enpresak eginen ditu 32.982 euroren truke (BEZ kanpo). Alde batetik, Usolarrain-Basamutur inguruan sasiak kendu eta bakantzeak egin beharko ditu. Usolarrain aisialdi guneko egurrezko itxitura ere berrituko du enpresak. San Pedrozelaiko itxitura ere berrituko du. Zezenaga-Santaluzian ere 1.100 metro luzeko itxitura eginen du. Aldi berean, Zezenaga, Asentu eta Kostakosoi dermioetan duela 30 urte baino gehiago jarritako eta egoera txarrean dauden itxiturak kenduko ditu.  

Azkenik, alkateak jakinarazi du Altsasuko bi erraldoi berriak Aitor Callejak eta bere lantaldeak eginen dituztela. Erraldoi eta buruhandien konpartsako kideei jaramon eginez hartu zuen udalak erraldoi pare berri bat egiteko erabakia. Aurtengo aurrekontuan 14.000 euro daude horretarako bideratuta. Alkateak zehaztu duenez, “Altsasuko kultura eta tradizioekin zuzeneko lotura duen bikote bat” izanen da. Festetarako prest izatea espero da.