"Txistua herriaren instrumendua da"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko mai. 3a, 11:57

Kruz Mari Martinez Larrea txistularia.

Kruz Mari Martinez Larrea musikariak mende erdia egin du Altsasuko udal txistulari bezala. 50 urtez Altsasuko festa garrantzitsuenetan fandango eta arin-arin doinuak zabaldu ditu

Altsasuko festa garrantzitsuenetako egutegian presente daude txistulariak. Korporazioaren eta erromerien ezinbesteko elementua dira. Eta azken 50 urteetan horietan guztietan Kruz Mari Martinez Larrea egon da. Urte hauek "oso atseginak" izan direla esan du txistulariak. Bizipen polit eta positiboz beterik egon dira eta "harro" dago mendi erdian "jarraian" udal txistulari izateagatik eta "nire harea-pikorra" eskaintzeagatik.

Nola eta noiz hasi zinen txistulari bezala?
Duela 50 urte izan zen. Nik orduan 13 urte nituen eta oraindik praka motzak janzten nituen. Garai horretan mutilek praka motzak janzten genituen eta 14 urteekin edo hasten zinen luzeak janzten. Aurreko banda desegin zen eta bakarrik bi kide gelditzen ziren: Pedro Rubio eta Jose Urizar atabalaria. Orduan, Pedro Rubiok udal txistulari bandarekin jarraitu zuen eta gazteak bilatu zituen. Txistua ikasteko eta bandan jotzeko eskaera egin zigun. Eta horrela izan zen hasiera. 1968. urtea izango zen. Gauzatxo batzuk, kalejiraren bat, entseatzen egon ginen eta entsegu gutxi horiekin 1969ko abuztuaren 14an Jesus Azurmendik meza kantatu behar zuenez lehenengo korporazioa egin genuen. Bere etxetik elizara joan ginen eta han artzapezpikua etorri zen eta elizaren estalpean dantzari taldeak zeuden itxoiten. Hor hasi zen udalaren irteeren egutegia betetzearen konpromisoa. Lehen askoz irteera gehiago egiten genituen, korporazio gehiago zeuden, Kristora joaten zen, Kaputxinoetara, mezetara, udalarekin korporazio zibilak ere... Autobidea mustu zenean, esaterako. Hortaz, baziren herrian hainbat ekimen garrantzitsu eta txistulariei deitzen ziguten. Beraz, konprometitu ginen udal txistulariak izatera.

Non ikasi zenuen?
Pedro Rubiorekin noizean behin entseguren bat egiten genuen. Udaletxearen beheko solairuan egiten genituen. Musika gela bat zegoen eta bertan bandak, txistulariek eta beste hainbat musikarik entseatzen zuten. Entseatzeko gela amankomuna zen. Lehenengo kalejira eta fandangoak han entseatu genituen. Formazioa autodidakta izan zen. Gogoan dut garai horretan igandero plazan musika zegoela eta bandaren atsedenaldietan txistulariok jotzen genuela 15 edo 20 minutuz. Ez zuen asko iraun. Musika banda desegin aurretik guk dagoeneko ez genuen jotzen. Baina sei edo zazpi urtez aritu ginen. Txistulari banda horren lehenengo urteak.



Zergatik txistua? Aurretik interesa zeneukan?
Musika gustatzen zitzaidan. Orokorrean. Enrique Zelaiarekin solfeo pixka bat ikasi nuen. Zelaiak solfeo eta akordeoi klaseak ematen zituen. Akordeoia jotzera ez nintzen iritsi, baina solfeoa bai. Justo Elokietarekin ere egon nintzen musika ikasten hilabete batzuk. Musika bandaren zuzendaria izan zen. Kantatzen hasi nintzen ere. Altsasuko kantu txapelketetan parte hartzen nuen. Musikarekiko lotura bazegoen eta txistua iruditzen zitzaidan instrumentu tradizionala, polita eta herrikoia, eta horregatik gustatu zitzaidan.

Beraz, txistularia ez ezik kantuan ere aritu zinen Altsasun.
Urtero Bengoetxea zinemetan Altsasuko kantu festibala antolatzen zen. Normalean ikasle zaharrenek antolatzen zuten eta gogoan dut parte hartu nuela hainbat urtetan. Garai horretan hasi nintzen euskaraz abesten. 1971. urtean, udal txistulari bezala hasi eta bi edo hiru urtera, Iruñeko Gaiarre antzokian aritu nintzen Herri kantak eta Nafarroako jotak txapelketa batean eta lehenengo saria irabazi nuen. Euskarazko kanten lehiaketa bat zen eta herri kantak deitzen zioten. Benito Lertxundiren bi abesti kantatu nituen. Garai horretan ere gitarra jotzen hasi nintzen. Beti musika lagun izan dut. Ez dok hamahiruren garaia zen, eta gu gazte bezala erreferente genituen. Abesti guztiak ikasten genituen eta oso garai bizia izan zen. Diktadura bete betean zegoen.


Kruz Mari Martinez 1971. urtean Gaiarren egindako kantu txapelketan.

FESTEN ARIMA
Zeintzuk dira udal txistulari bat egon behar den festa handiak?
Urtea Santa Agedarekin hasten gara, baina kintoekin egiten den festa bat da. Eta batik bat Altsasuko festa garrantzitsuena San Pedro da. Altsasuar bati galdetzen badiozu zuretako zein da herriko festa hoberena gehienek San Pedro dela esango dute. Gero ni oso sanjuaneroa naiz. Sanjuanak asko gustatzen zaizkit. Gero daude festak, feriak, Olentzero, Maiatzeko gurutzea ere oso kutuna da txistulariendako, Erkudenera eta Bargagaingo gurutzera joan behar gara ere...


Altsasuko txistulariak San Pedron.

Nolakoak izaten dira korporazio horiek?
Festak animatzen ditugu. Udal txistulariek herri izaera dugu. Herriari eskaintzen gara eta ez ditugu kontzertuak egiten. Gure musika festa eta erromeria hauetan dagoen jendeari eskainita dago. Dantza egin eta disfruta dezaten. Burundar txistulariak taldea dago ere, entseguak egiten dituzten eta kontzertuak egiten dituzte. Baina ez da gure kasua. Gu udal txistulariak gara eta herri festa da gurea. Korporazioak egiten ditugu.

Eta zer sentitzen da festa guzti horietan egotean?
Festaren alde garrantzitsu bat sentitzen zara. Nolabait jendea motibatzen duen pertsona zara. Inguruko jendea ongi pasatzen posible egiten duzu. Festa batzuetan eta nerabezaroan hasierako garai horretan guretako lotura bat zen ongi pasatu nahi genuelako ere. Baina beste alde batetik oso asebetetze handia zen  zu jotzen ari zinenarekin jendea ongi pasatzen ikustea.

Festaren batean huts egin duzu?
Urte batean San Pedro egunean huts egin nuen. 40 urte inguru nituenean. Londresera joan behar izan nintzen profesioagatik birziklatze ikastaro bat ematera. Bestela, denetan egon naiz.

Festa kontaezinetan egon zara, beraz. Giroa aldatu da?
Herritarren parte hartzea agian jaitsi da. Esaterako, lehen San Pedrotik kalejiran jaisten zen eta jende asko ibiltzen zen. Sanjuanetan berdina gertatzen zen. Gaur egun, agian, jendeak ez du hainbeste parte hartzen. Sanpedrozelaian izan ezik, beste festetan jendeak lehen baino gutxiago parte hartzen du. Are gehiago, San Juan ermitan zortziko batekin hastea kostatzen zaigu ez dagoelako jendea dantzatzeko. Fandangoak eta porrusaldak hotzean jotzen ditugunean ere jendea ez da hain erraz ateratzen. Lehen zerbait normala zen. Jendeak parte hartzen zuen. Beste alde batetik, korporazioak ere gutxi dira orain. Erlijiodun ofizioetara gutxiago joaten da, korporazio batzuk kendu dira: Txunkai festak, trenbide kofradia... Orduan, zentzu horretan udalarekiko konpromisoak gutxiagoa dira orain.


Udal txistulariak Altsasuko festetan zortzikoa jotzen.

Zer gertatu da?
Ez dakit zer aldatu den, baina egia da herri erantzuna jaitsi dela. Orain San Juan ermitatik herrira ia-ia bakarrik gatoz. Eta jende oso gutxi dator saltoka. Agian festa estimulu gehiago daude eta urtean zehar festa gehiago. Lehen jendeak gogoak zituen San Juan edo San Pedro egunak iristeko. Plazako iganderoko musikak ere mesede egiten zion. Jendeak jota eta porrusalda dantzatzen zekien. Ohitura hori zegoen, gaur egun ez dagoena. Orain gauez ateratzen da gehiago. Jendeak festan parte hartzen du, horretan agian ez da jaitsi, baina dantzaren aldetik erantzuna jaitsi da. Beste alde batetik, trenbide kofradia pixkanaka desagertu zen eta Txunkai festak azken urteetan ere ez dira egin.

Baina festak ez dira txisturik gabe ulertzen.
Nik uste dut ezetz. Behintzat ez ziren ulertu behar. Batzuetan nire kezka hori da. Nik uste txistua festetako parte izan behar dela. Herri eta animazio instrumentu bat da, oso gurea, eta nahiko nuke beti jarraitzea. Horregatik belaunaldi aldaketa egotea eskatzen dut. Horretarako, instituzioetatik mimatu eta zaindu behar dute. Garrantzitsua da.

Zein da udal txistularien errepertorioa?
Aldatzen joaten gara. Orokorrean generoak berdinak dira: fandangoak edo jotak, arin-arinak eta kalejirak. Eta nola ez Altsasun zortzikoa. Gure dantza tradizionala da. Lehen, jakin dudanaren arabera, txistua erabiltzen zen dantza loturako ere. Plazan pasodobleak jotzen ziren jendeak dantza lotua egin zezan. Nik ez dut hori ezagutu. Hasi nintzenetik jotak, porrusaldak eta zortzikoak jo izan ditut. Euskal dantza ere, noski. Dantzari txikiekin jotzen genuen askotan. Txikilandietara joaten ginen, Tafallara eta ospatzen ziren Nafarroako beste hainbat herrietara.

Zein da zure festa gogokoena?
Txistulari bezala San Pedro da kutunena. Baina niri sanjuanak gustatzen zaizkit eta gautxoria naiz, gainera.


Altsasuko txistulariak Sanjuanetan.

Festak txistulari bezala bizi dituzu; beste modu batera.  
Hori da. Ez naiz inoiz egon San Pedron bazkaria lagunekin egiten.

Baina bere alde onak izango ditu ere, ez?
Dudarik gabe. Festa amaitzen denean beti saiatzen gara afari bat egiten eta festarekin pixka bat jarraitzen. Gazte nintzenean, nerabezaroan, festaren eta dibertsioaren barruan ez egotea faltan botatzen nuen. Inbidia handia ematen zigun San Pedron bereziki gu jotzen geunden bitartean lagunak festan ikustea. Gainera, ia ezin duzu edan... Gero heldutasunean sartu nintzenean beste modu batera ikusi nuen dena.

Gainera, festa batzuetan goizez bakarrik ateratzen zarete.
Bai. Kristora joaten garen eta gero itzultzen garen korporazio batzuk badira. Plazan jotzen dugu eta amaitzen dugu. Maiatzeko gurutzean horrela da ere. Ferietan ere goizez ateratzen gara bakarrik: kalejira egiten dugu eta inauteri batzordekoekin egoten gara eta goizerdian amaitzen dugu. San Pedro izan ezik, egun guztia dela, beste guztiek ez dute egun guztia inplikatzen. Esaterako, San Juan bezperan txistua jotzen dut eta ermitatik etorrita arropa aldatzen dut, afaria prestatzen dut eta gitarra ateratzen dut. Festa egiten dut.

Une berezi asko biziko zenituen.
Momentu asko egon dira. Momentu oso politak. Pedro Rubio hil zenean eta Ramon Delfraderen omenez Altsasuko txistularien kontzertu bat egin genuen. Gogoan dut ere 25 urte egin genituenean festa batekin ospatu genuela. Bizipen asko dira.

ERRELEBOA
Zein egoeratan dago orain udal txistulariak?
Orain lau txistulari gaude. Hiru txistu eta atabalari bat. Denek 50 urte baino gehiago ditugu. Musika eskolarekin hitz egin dugu noizbait Santa Agedan eta beste festaren batean gurekin jotzeko ikasleak animatzeko. Beti gonbidatzen ditugu gurekin etortzera eta gurekin parte hartzera. Kalean jotzea da modu hoberena erreleboa emateko. Gu ez gara betiko egongo. Eta garrantzitsua da, esan bezala, instituzioetatik, udaletik, gazteak motibatzea eta behar bada diru pixka batekin sustatzea, eta bakarrik afizioagatik egitea.

Afizioa da zuentzat?
Ez. Guri diru-kopuru bat ematen digute urtean. Betidanik izan dugu. Hasi nintzenean hilabetean 50 pezeta ordaintzen zigun udalak. Eskupeko txiki bat zen, baina horrek nolabait egutegia betetzera lotzen zaitu. Ez legoke gaizki errelebo hori egoteko eta gazteen parte hartzea sustatzeko eskupeko bat ematea.

50 urte hauetan jende asko pasatu da, ez?
Hiru banda egon dira, nolabait esateko. Lehenengoan jende gaztea hasi ginen. Gogoan dut Miguel Mari Gonzalez, Satur Leoz eta Isabel Rubio gazteak sartu zirela nirekin, eta gero Pedro Rubio, Jose Urizar eta Raimundo Galarza zeuden ere. Banda hori hainbat urtez egon zen eta 1980ko hamarkadaren hasieran Miguel Mari Gonzalezek, Isabel Rubiok eta beste batzuek utzi zuten. Banda berregin zen eta Juan Pablo Urizar, Zapa eta Joaquin Gares sartu ziren. Gares aurretik ere egondakoa zen. Satur Loez eta biok jarraitzen genuen eta bigarren banda bat egin genuen. 2000. hamarkadaren hasieran Satur Leozek, Juan Pablo Urizarrek eta Zapak utzi zuten eta hirugarren aldiz banda berregin genuen. Orduan sartu ziren Margari Iglesias, Jesus Irisarri eta Josetxo Lumbreras. Eta momentu horretan gaude. Bandaren hirugarren garai honetan.

Uzteko momentuak izan dituzu?
Momentu baxuak egon dira, delikatuak. Banda bi edo hiru kideekin gelditzen da eta nola berregiten dugun pentsatzen hasi behar gara, aurrera jarraitzeko aukera izango dugun... Baina aurrera jarraitzeko gogoagatik ez da izango.

Aurrera jarraituko duzu, beraz.
Nik jarraitu nahi dut bandan erreleboa dagoela ikusi arte. Nik nahi dut banda aurrera jarraitzea. Berdin zait nor dagoen. Agian momentu honetan banda uzten badut, pikutara doa. Agian ez. Baina gustatuko litzaidake erreleboa egotea eta banda nolabait berriz armatzea.

Asko entseatzen duzue?
Gure artean partiturak pasatzen ditugu eta bakoitzak bere kontura entseatzen ditu. Eta gertaera berezi baten aurretik gelditzen gara. Baina ez dugu asko entseatzen, egia esan. Noizean behin errepertorioa berritzen dugu.

50 urte hauetan udalbatza askotatik pasa zara. Nolakoa izan da ideologia ezberdinetako udalekiko harremana?
Udal guztiekin ongi egon gara. Beti argi utzi nahi izan dugu edozein ideologiaren gainetik gaudela. Izan ere, txistua herriari eskaintzen zaio eta horregatik edozein egoera politikoaren gainetik egon behar da. Errespetua egon da beti. Gainera, gauza bitxi bat gertatu zen. Diktaduraren urteetako udalek txistua asko zaintzen zutela iruditzen zitzaidan. Interes berezia zegoen txistua mantentzeko. Garai horretan egiten ziren korporazio guztietan txistulariak ateratzen ziren. Musika gela bat geneukan, instrumentuak gordetzeko armairua, jantziak udalarenak ziren, txistua, danbolina eta behar genuena lortzeko ere udalak laguntzen zuen... Oso ongi ikusita zegoen. Harritu didan datu bat da. Gaur egun, txistuarekiko begirunea instituzioen aldetik ez da hain handia. Edozein eskaera egiten dugula zailtasunak jartzen dituzte.


Satur Leoz, Kruz Mari Martinez eta Miguel Mari Gonzalez 1970ko hamarkadan.

Ez zarete udalarena, herriarena baizik.
Hori da.

Eta zergatik zen garai horretan hain maitatua?
1940tik 1960eko hamarkadetako tradiziotik gentozen. Txistuaren presentzia herrian oso maitatua zen. Garaiko Sanferminetako karteletan txistua agertzen zen. Ez zegoen instrumentuarekiko kargarik.

Jantziaz ere hitz egin duzu. Mende erdi honetan aldatu da?
Bi edo hiru ekarpen egin ditugu. San Juan eta San Pedro egunetan zuriz joaten gara eta txaleko alderantzikagarria dugu. Sanjuanetan berdea eramaten dugu eta San Pedron gorria. Korporazioetan pixka bat eleganteago joaten gara.

Zer esango zenieke gazteei udal txistulari bandan parte hartzeko animatzeko?
Lehenengo gauza musika lagun handia dela. Musikarekin konektatuta egotea bizitzan poztasuna ematen du. Gustatzen zaizuna gustatzen zaizula. Musika ikastera animatzen ditut. Edozein instrumentua edo kantua ikasteak on asko ekarriko die. Eta txistulariekin aritzeko gurekin hitz egiteko animatzen ditut. Musika eskolan txistu irakaslea dago eta horren bitartez gurekin jotzera etortzera animatzen ditut. Gogotsu gaude gazteak gurekin jotzera etortzea.

Guztiz konprometitu behar dira.
Konpromisoa egon behar da. Bestela, hasten bazara hemen bai joko dut baina hemen ez gerta liteke San Pedro eguna iristea eta txistulariak ez egotea. Norbait falta denean ordezko bat bilatzen saiatzen gara.

MUSIKARI LOTUTA
Udal txistulariekin zenbiltzan eta musika talde bat sortzea erabaki zenuen. Zergatik?
Esan bezala, kantuarekin hasi nintzen. Gero txistuarekin eta gitarrarekin hasi nintzen, ia batera. Eta gero 1982an abesbatzaren sortzaileetako bat izan nintzen Gasteizko lagun batekin. Magisteritza berarekin ikasi nuen eta jendea bilatzen banuen abesbatza zuzentzeko prest zegoela esan zidan. Horrela sortu zen abesbatza. 20 urtez egon nintzen. Tartean Trasteando sortu zen. Gitarra jotzen ikasteko eta abesteko elkartzen ginen talde bat ginen. Gure helburua beti gizarte-ekimen bat izatea izan da, eta 2006an saltoa ematea erabaki genuen. Kantatzen laguntzea da gure helburua. Jendea laguntzea. Horregatik, kontzertu solidarioak egiten ditugu. Orain Milakolorekoekin egingo duguna prestatzen ari gara. Beraz, gitarra, kantua eta txistua uztartu ditut.


Santa Zezilia egunean elkartu ziren txistulariak Martinezen 50. urteurrena ospatzeko.

Urteurren berezia ospatu zenuen?
Azaroaren 22an, Santa Zezilia egunean, elkarte batean ospatu genuen txistulari bezalako 50. urteurrena. Egun horretan bost hamarkadako ibilbidean nirekin aritutako txistulariekin eta atabalariekin asko elkartzeko aukera izan nuen. Oso oroitzapen polita gordeko dut, eta oso eskertuta nago.