250 gimnasta bihar Altsasun

Guaixe 2019ko mai. 3a, 14:12

Zelandi kiroldegiak Nafarroako Taldekako Gimnasia Erritmikoko Txapelketa hartuko du bihar, larunbatean, goizeko 10:00etatik 18:00etara. 15 klubetako 50 talde lehiatuko dira, tartean Iskiza Sakanako 2 talde

Altsasu ekitaldiz betea egongo da asteburuan. Alde Zaharreko festei, puntako kirol ekitaldi bat gehitu behar zaio. Izan ere, bihar, larunbatean, Nafarroako Taldekako Gimnasia Erritmikako Txapelketa jokatuko da Zelandi kiroldegian, Nafarroako Kirol Jolasetarako baliagarria. Goizeko 10:00etatik arratsaldeko 18:00etara 250 gimnasta baino gehiago lanean ikusteko aukera izango da Zelandin. Nafarroako 17 klubetako 50 talde lehiatuko dira, tartean Iskiza Sakana Gimnasia Erritmikoko klubeko bi talde.

Iskiza Sakanako Olaia Agirre monitoreak adierazi digu ikasturte osoa daramatela biharko txapelketa prestatzen. ʺAsko prestatu dugu txapelketa, ia denboraldi osoa. Ea ahalik eta lan onena egiten dugun eta etxean aritzeak laguntzen digun”. Iskiza Sakanan guztira 50 gimnasta inguru trebatzen dira. Horietatik 29 eskola mailan, Irati Begiristain eta Eider Goikoetxea monitoreekin, eta 20 gimnasta lehiaketa edo konpetizio mailan, Olaia Granizo, Olaia Agirre eta Maria Remolinarekin. ʺAurten igoera egon da, neskatila askok eman dute izena Iskizako eskolan” nabarmendu du Agirrek.

17 klubetakoak
Nafarroako Taldekako Gimnasia Erritmikoko Txapelketan maila oso altua egongo omen da. Espainia mailan sekulako maila duen Eguesibarko Alaia klubeko taldeak eta Lagunak klubekoak ariko dira lanean, beste klub batzuetako taldeekin batera: Iskiza Sakana, Barañain, Antsoain, Tafalla, Tutera, Funes, Club Natación Pamplona, Larraona, Uharte, Shogun, Ibaialde, Mendialdea, Arrotxapea, Txantrea eta Anaitasuna.

Aparatu guztiak
Esan bezala, klub hauetako 50 talde ariko dira lanean. ʺPilota, mazak, zinta, uztaia, soka… aparatu guztiekin ariko dira lanean gimnastak. Txikienak esku libretan ariko dira, aparaturik gabe. Koreografia ederrak prestatu dituzte eta ziur ikusgarria izango dela” azpimarratu du Olaia Agirrek. Iskiza Sakanatik hiru talde aritu behar zuten: kimuen mailakoa (4. mailan lehiatzen dira), haurren mailakoa (3. mailan lehiatzen dira) eta kadeteen mailakoa, baina azken talde honek ezingo du aritu, azken orduko ezbehar batengatik.

Zelandiko ateak zabal-zabalik egongo dira eta halako ikuskizuna zuzenean ikusteko aukera horren eskura izatea ez da, beraz, txantxetakoa. Izan ere, tamainako ikuskizuna Altsasun ez da aspalditik ikusi. ʺ10 urte baino gehiago pasa dira Altsasuk Nafarroako Txapelketa bat hartu zuenetik” dio Agirrek. Eta puntako gimnastak koreografia ikusgarriak egiten ikustera gonbidatu gaitu.