Altsasuko Udalak, Atabo Altsasu SL enpresa publikoaren bidez, Dantzalekuko taberna-jatetxearen kudeaketa emateko deialdia egin du. Deialdian interesa duten pertsonek jakin behar dute ostalaritza azpiegitura kudeatzeaz aparte, kirol gunearen mantenuaz ere arduratu beharko direla. Zehazki honako azpiegiturena: belar artifizialeko futbol zelaia, harmaila, aldagelak eta atletismo pista, baita Usolarraingo berdegunearena eta aisialdi gunearena. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi duenez, “deialdi berrian udako igerilekuen mantentzea kendu egin da. Haiek zabalik daudela, mantentzeaz Atabo Altsasu SL enpresako kideak arduratuko dira”.
Kontratua urte baterako izanen da eta beste bi urtez luza daiteke. Beraz, hiru urterako lizitazio aurrekontua 74.794.38 eurokoa da (BEZ kanpo). Urtekoa 24.931,46 eurokoa da (BEZ kanpo). Bestetik, Atabo Altsasu SL enpresak hartzaileari hilabetero 2.077,62 euro pagatuko dizkio (BEZ kanpo) kirol azpiegituren eta Usolarraingo aisialdi gunearen mantentze lana egiteagatik.