Guk armak, haiek gerra, eta migrazioa

Guaixe 2019ko mai. 3a, 12:44

Gaur, 18:00etan, Iortia kultur gunean Gerra hemen hasten da dokumentala ikusteko aukera izanen da.

Sakana Harrera Haranak antolatuta Gerra hemen hasten da dokumentala ikusteko aukera izanen da gaur. Gainera, ikus-entzunezkoaren zuzendari Joseba Sanzek eta Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko Argi Otsoak hitzaldia emanen dute. Sanzen dokumentalaren abiapuntua Ignacio Robles suhiltzaileak Bilboko portuan 2017ko martxoaren 13an egin zuen desobedientzia ekintza dago: armaz betetako edukiontzia Saudi Arabiara zihoan itsasontzi bat ikuskatzera uko egin zion, armak gero Yemengo gatazkarako zirelako.

Gertaera hark agerian utzi zuen Euskal Herriko industria militarraren garrantzia. Baita Ekialde Ertainean gerran dauden herrietara Euskal Herritik bideratzen den esportazioaren tamaina handia ere. Sanzek berehala egin zuen lotura: “hemendik armak esportatu, gerretan erabili eta errefuxiatuak etorri, zuzeneko lotura dago”. Roblesen eta Yemendar baten elkarrizketak dira dokumentalaren ardatza, baina badira gehiago ere. Dokumentalaren bidez armen ekoizpenaren eta salmentaren gaineko hausnarketa egin nahi du. Armagintza enpresek Eusko Jaurlaritzatik jasotako diru-laguntzak eta Euskal Herriko banku batzuek ematen dieten finantzaketa ere aztergai ditu.

Erlazionatuak

Gerren hasiera hemen dagoela azaltzen

Beleixe Irratia 2019 mai 02 Altsasu