Festan euskara hitz egiteko txokoa

Guaixe 2019ko mai. 3a, 14:17
Aurreko urteko mintzodromoa.

Bihar, 12:00etan, Altsasuko Foru plazan mintzodromoa eginen da.

Euskaraldia joan eta Korrika pasa dira. Jendeari euskaltzaletasuna borborka jarri dioten ariketa eta ekitaldi handiak izan dira. Egunerokoan, festa egun batean, euskaraz hitz egiteko gonbidapena egiteko asmoz, Mintzodromoa antolatu da biharko. Hitzordu berezia izanen da AEK-ko ikasleak eta Mintzakide programan parte hartzen ari diren sakandarrek parte hartuko dutelako. Haiek aukera izanen dute Euskaraldian topo egin zuten Belarriprest edo Ahobizi haiekin berriz ere euskara praktikatzeko. Baina nahi duenak parte hartzeko aukera duenez, nork bere euskaldunen sarea zabaldu eta euskaldun gehiago ezagutzeko aukera aparta ere bada.

Euskaldunen arteko saretze hori egiten den bitartean, haurrendako tailerra izanen da. Beraz, guraso direnek ez dute inolako aitzakiarik parte ez hartzeko. Gainera, Kidam magoaren emanaldi ibiltaria ere izanen da. Eguna ikasle eta mintzakide, eta nahi duten guztien bazkariarekin borobilduko da. Sakanako AEK-k eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak bertan parte hartzera deitu dute.