Maravillasen husteagatik lau sakandar epaituko dituzte

Guaixe 2019ko mai. 3a, 10:49
LArunbatean Ziordin egin zen kalejirako une bat.

Gaur, 19:00etan, manifestazioa eginen da Altsasun, udaletxe paretik abiatuta. Epaiketa ostegun goizean izanen da.

Ilbeltzaz geroztik Iruñeko Alde Zaharrean ez dago gaztetxerik. Marques de Rozalejo jauregia bitan hustu zuten foruzainek, agorrilaren 17an eta ilbeltzaren 8an. Aurreneko husteagatik lau sakandar auzipetuta daude, eta ostegun goizean Nafarroako Lurralde Auzitegian epaituko dituzte. Haietako batek azaldu digunez, gaztetxearen aurreneko husteak “barruan harrapatu gintuen, Maravillas gunea defendatzen”.

Lau sakandarrekin batera, Euskal Herriko beste 22 dira ostegunean epaituko dituztenak. Usurpazio delitu arina leporatzen diete. “Zigorra isun bat litzateke. Ez litzateke kartzelarik egonen”. Maravillasen aldekoek zabaldu dutenez, 82 auzipetuendako isunak, guztira, 109.160 euro izan daitezke. “Kristoren erokeria da. Oso zifra altua da eta horri buelta emateko elkartasun egunak antolatzen ari dira Euskal Herriko leku guztietan”.

Ekitaldiak
Sakanako elkartasun eguna larunbatean ospatu zen. Ziordiko Amarauna gune autogestionatua izan zuen egoitza. Goizean errepresioaren kontrako tailerra izan zen. Bazkaldu ondoren kalejiran herrira joan ziren eta han jolasak izan ziren. Maravillasen aldeko murala ere margotu zuten herri sarreran dagoen porlanezko pareta handian. Eguna kontzertuekin despeditu zuten.

Hori ez da Maravillasen alde egin den ekitaldi bakarra. Iturmendin, herenegun, maiatzaren jasotzea zela baliatuz, herri bazkaria antolatu zen. Eta Iturmendin segituz, San Migel festetan gazteek elkartea hartu dute, isunei aurre egiteko dirua ateratzeko. Baina aldarrikapena ere kalera atera nahi dute eta gaur, 19:00etan, Altsasun manifestazioa eginen dute, Epaiketa guztien gainetik… Gaztetxeak defendatu! Maravillas herriarentzat! leloa duena.

Manifestazioaren deitzaileek azaldu digutenez, “gaztetxeak oso proiektu beharrezkotzat jotzen dituzte. Mundua ikusteko, antolatzeko beste era berri bat delako. Mundua ulertzeko beste modu bat dugu, sistema honen logikatik kanpo: antolatzen gara, barra egitean ez dugu kobratzen, arazoak asanblada bidez konpontzen ditugu, ekimenak asanblada bidez aurrera egiten dute…” Ziurtatu digutenez, “ez da soilik lekua, espazioa, baizik eta bertan sortzen den botere hori. Horregatik defendatzen ditugu gaztetxeak”.

Hiru gehiago
Maravillasen hustea salatzeko bide mozketa transfeminista egin zuten eta, horregatik, hiru sakandarrei Mozal Legea aplika diezaiekete. “horrek isun handiak ekar ditzake”. Horregatik, dirua ateratzeko ekintzak eginen dituzte, “guztion artean isun guztiak ordaindu ahal izateko. Halako guneak defendatzeko” jendeari deialdia egin zioten.


Egitaraua
Maiatzak 3, ostirala
19:00etan Manifestazioa, udaletxetik.

Maiatzak 9, osteguna
09:00etan Iruñeko epaitegiaren parean kontzentrazioa.
20:00etan Kontzertuak, gaztetxien: Brigade Loco eta Rude Pride.