“Denda txiki batek kalitatea eta bereizgarriren bat izan behar du”

Guaixe 2019ko mai. 3a, 10:29

Jose Galan Notario eta Juan Jose Aldasoro Sarasua Aldasoro harategian.

Zelai eta Gartzia Ximenez kaleen kantoian bazen harategi bat… Aldasoro. Nostalgiaz hitz eginen dute urte batzuk barru makina bat altsasuarrek herrian zeuden denda eta tabernak errepasatzen hastean. Juan Jose Aldasoro Sarasuari eta Jose Galani jubilatzeko garaia heldu zaie. Larunbatean itxiko ditu ateak Aldasoro harategiak. Azken egun hauetan apartekoa da bezeroen joan etorria. Apartekoa mostradorearen alde batean eta bestean pilatzen diren sentimenduak.

1. Ederragoa zen zuengana etortzea sariren bat irabazi zenutelako!
Jose. Gu, sariekin edo saririk gabe, eskertuta gaude.
Juan Jose. Hau ere ongi dago. Bizitzan pauso hau eman beharra dago.

2. Zenbat sari izan dira guztira?
JJ. Euskadiko txistorra txapelketako txapelduna, bitan 5. eta Euskadiko egositako txorizoekin bitan 3. 2009an hasi nintzen parte hartzen, eta irabazi egin nuen.
J. Eta Nafarroako Gobernuaren aitortza: harategi autonomo onenaren saria 2017an.
JJ. Ni ez naiz lehenago txapeldun izan nire anai Pakori, txistorraren erregeari, kasurik egiten ez niolako. Lehiaketetan parte hartzeko esan eta esan ibiltzen zen.

3. Sariak eskarmentuaren fruitu dira?
J. Ongi egindako lanari emandako sariak dira.
JJ. Gobernuarena harategi honen ibilbideari emandako saria da.

4. Saltzen duzuena etxeko produktuak direlako, ezta?
J. Tripakiak, txerri-hankak, frijituak, birrineztatutako xerrak, hanburgesak, tripotak, txorizoak, txistorra… Dena. Kalitatezko produktuekin eginak.
JJ. Eskualdean erositako animaliekin egindakoak. Txahalak Arakilen, Barrundian (Araba) edo Gipuzkoan. Arkumeak ere. Txerriak etxeetatik kendu zituztenez, aparteko etxaldeetatik ekartzen ditugu. Haiekin urteak daramatzagu lanean.

5. 1956tik zabalik egon da harategia. Beti toki berean?
J. Bai, 63 urteko ibilbidea.
JJ. Garagarrilean 51 urte eginen nituzke hemen lanean. Josek martxoan 40 urte egin zituen.



6. N-1 errepidea paretik pasatzen zen. Nabaritzen zen?

JJ. Nire gurasoek, eta guk. Orduko ondoko komertzioek, Bengoetxea eta Villareal, udan, bi egunero olio kamioi bat ekartzen zuten. Nire gurasoak zirenak udan, haiek ondutako urdaiazpikoez aparte, Iruñetik 100 bat ekartzen zituzten, garilean eta agorrilean saltzeko. Pamplona txorizoa, kopuru izugarriak. Espainiatik eta Portugaldik Frantziara joaten zirenek eramaten zuten.
J. N-1 errepidea kentzean gure burua berrasmatu behar izan genuen.

7. Nongoa zen generoa?
JJ. Altsasuko hiltegian hiltzen genuen. Gero Etxarri Aranazko zinema azpian zegoen hiltegira pasa ginen. Han, kide guztien bilera askoren ondoren, sortu zen hiltegi berria. Gure kide izandako Luis Zabaleta hil berri da. Zenbatetan ez ote ginen bildu harekin, Uharte Arakilgo, Lakuntzako edota Urdiaingo kideekin hiltegia egiteko. Uharteko, Lakuntzako eta Arbizuko kideekin batera Osornora (Palentzia) joan ginen antzeko hiltegi bat bisitatzera, ongi jakiteko. Denak bertako haragiaz hornitzen gara.
J. Etxarri Aranazko hiltegia 17 harakinen artean egin genuen, kooperatiba da. Guk eskualdeko produktuen alde egin dugu. Kalitatezkoak dira, eta gainontzekoei jaten ematen diozu.
JJ. Dendari txiki batek kalitatea izan behar du.
J. Bestela, ezin dugu handiekin borrokarik egin.
JJ. Kalitateaz aparte bereizgarriren bat badu hobe. Esaterako, egiten ditugun txistorra edo odolki horiek, Josek egiten dituen frijitu horiek… Etxeko marka dira. Beste kide batzuk beste marka batzuk izanen dituzte. Jose eta biok txorizoa, txistorra, tripotak, etxeko frijituak, etxeko eltzekoak izan ditugu. Eta, gainera, haragia.

8. Jose, zaila egin zitzaizun harategiko martxa hartzea?
J. Ez nekien ezer. Aitaginarrebak asko irakatsi zidan, pazientzia handia izan zuen; honek ez zuelako batere. Eta bizia izatea! 23 urterekin etorri nintzen hona. Mundu guztia bezala, maileguan sartu ginen. Borrokatzera eta lan egitera! Lan handia egin dugu. Ez gara damutzen.

9. 41 urte elkarrekin lan egiten. Eta gero etxean…
J. Nire bizitza izan da etxea, familia eta lana. Ongi eraman dugu. Seme-alabek ere.
JJ. Berak nik baino opor gutxi batzuk gehiago izan ditu. Gutxi. Ni gurasoekin hasi nintzenetik (15 urte zituen) ezkontzako 19 egunak eta soldadutzako 14 hilabeteak izan nituen opor.

10. N-1eko garaitik hona zertan aldatu dira harategiak?
J. Produktuekin gure burua berrasmatu behar izan genuen. Hori izan zen aldaketa. Asmatu genuen eta gehiagora jo genuen.
JJ. Gurasoengatik gu Gipuzkoan oso ezagunak gara. N-1 errepidea pasatzean jendea Urbasara igotzen zen eta izugarri ezagutzen gintuen. Gipuzkoatik jende asko etortzen zaigu. Urbasara joaten zen edozein bezerok larunbat arratsaldean hots egin zezakeen iganderako enkargua eginez: bihar goizean hortik pasako gara; hau, hori eta hura presta iezaguzu. Hori egin izan dugu. Gainean bizi izan gara.
J. Bezero ona izan da bai X diru gastatu duena bai 100 gramo Pamplona txorizo erosi dituena. Sekula ez dugu bereizketarik egin.
JJ. Saiatu gara jende guztiari arreta bera eskaintzen. Hanka sartu badugu, barkamena. Guztiei eskerrak ematea besterik ez dugu.



11. Altsasuko Dendari Elkarteko kide ere bazarete. Zergatik?
J. Eta aurretik egon zen Zurekin elkarteko sortzaileetako batzuk izan ginen.
JJ. Kide izateak ez du kentzen. Nor bere alde ibilita ez da ezer lortzen. Elkartuta gutxi lortzen da. Gutxi horri nik balio handia eman diot.
J. Antolatzen diren gauza askotarako lortutako dirulaguntzak.
JJ. Udalak gauza askotarako kontuan izan gaitu. Gaur egungo ohitura da kolektibo guztiek eurendako diru eske etortzea.
J. Denda txikiei asko estutzen zaie. Gero jende guztiak ez du bueltatzen. Guk ez dugu jendearekin kexarik.
JJ. Guk bi kolektiborekin izan gara sentiberak: presoak eta ikastola. Gu ADEn gaude eta jarduerak egiten ditugu. Elkarteak lan handia egiten du. Ordezkatuta gaude eta gure iritzia ematen dugu. Elkarteko kide izan da inork ez du gehiago salduko. Hori norberaren zeregina da. Baina elkar babestea oso garrantzitsua da.

12. Kalea txukun utzi behar dutenean itxiko duzue.
JJ. Beti egon da polita. Tokia pribilegiatua da. Saiatu gara harategiaren lekukoa pasatzen.
J. Irailaz geroztik saiatu gara, alferrik.
JJ. Beñat Goikoetxea eta Patxi Arangiz (Gipuzkoan lanean ari diren harakin altsasuarrak) etorri ziren harategia hartzeko asmoz 65 urte egin nituenean, baina nire zikloa bete beharra nuen. Administrazioak ez du ezer laguntzen. Nola liteke Nafarroako eta Gipuzkoako osasun arauak desberdinak izatea? Zein zentzu du guk egindakoak Tuteran, 150 km-ra, saltzeko baimena izatea eta hori berea ezin saldu ahal izatea ez Idiazabalen ez Zegaman? 25 km-ra daude. Administrazioak, gainera, gehiegi exijitzen du: txistorrako haragia zeinena den azaltzen duen zerrenda izan behar dut… Jendeak halako lan batekin ez du lotu nahi. Eta administrazioak jartzen dituen zailtasunekin, ez da animatzen. Ez denda hauetara ez besteetara. Eta tabernak…
J. Herrian pena ematen didana da gure belaunaldia bukatzean dendak itxiko direla eta herria oso hilda geldituko dela. Nire pentsamoldea agian ez da zuzenena, baina zortzi ordu lan egitearena… Establezimendu txikietan ez. Batzuetan zortzi izanen dira, baina besteetan gehiago. Gazteak ez daude horretarako. Denbora gutxian Altsasun lau harategi itxi dira. Eta itxaron…
JJ. Pasa den asteko asteartetik asteartera lautan egin dugu txistorra eta hirutan tripotak. Jendeak gureaz hornitu nahi du. Izozkailuan gorde. Gure produktuez hilabete gehiagoz gozatzeko. Eromena. Guk orain erritmo horri ezin diogu eutsi.
J. Orain egitea dagokigun ahalegina da. Guk kalitatea eta zerbitzua landu ditugu.

13. Zer eginen dute umezurtz uzten dituzuen bezeroek?
J. Hori da dugun pena. Gazteek barneratuago dute albistea.
JJ. Bizi guztiko bezeroak, 80 urtekoak, galduta daudenak: nora goaz orain? Eta amona horiekin hau beti negarrez.

14. Eta zuek, zein plan duzue etorkizunerako?
JJ. Lehenik jubilatzea. Astelehenean, kiroldegian, ibiltzeko jarduera batean hasiko naiz. Edo sekula egin gabekoak. Edo pilota partida batera, edo… Oporretan joan beharko gara, ezta?
J. Ez gara sekula joan. Baina ez gara ozpinduta bizi izan. Moldatu gara. Bi egun izan ditugunean, joan gara.
JJ. Makina gehienak (onak eta ongi zainduak) salduta ditugu eta haiek eman beharko ditugu. Gero lokala hustu beharra dugu, beste jarduera bat hartuko duelako: turismoko apartamentua hartuko du. Seme-alabek kudeatuko dute.
J. Ez genuen bajera graziarik gabe utzi nahi, utzita. Pena ematen dit. Horrek herria oraindik gehiago  hondatzen du.

15. Bukatzeko…
JJ. Gure etxera etorri diren guztiei eskerrak ematea besterik ez. Zortea opa diegu.