Euskal literatura azaltzen

Guaixe 2019ko mai. 4a, 11:35

Bernardo Atxagak itxi zuen Altsasuko liburutegiaren Liburuaren asteko egitaraua

Altsasun Liburuaren Egunaren inguruan antolatutako programazioak Bernardo Atxaga izan zuen protagonista. Hura despeditzeko, aurreko ostiralean, apirilaren 26an, idazlea bera etorri zen. Jose Kruz Gurrutxaga aktorearekin batera Martuteneko kartzelan irakurketa dramatizatua eskaini zuten, Euskaltzaindiaren mendeurrena dela eta Atxagak sortu duena. Haren oinarrian Atxagak berak duela zenbait urte Gipuzkoako kartzelan euskal literatura zaharrari buruz emandako hitzaldia izan zuen oinarri.

Atxagak hitzaldi hartan espetxeko zuzendariarekin eta zenbait presorekin izandako harremana, eta hitzaldian zehar presoen arreta bereganatzeko erabilitako estrategiak kontatu zituen. Baita bere hautuek presoengan zuten eragina ere kontatu zuen. Presoak gorpuzteaz eta ahotsa ematez Gurrutxaga arduratu zen. Guztia ironia finaz kontatuta. Iortia kultur guneko areto txikia ia bete zuen publikoaren gozagarri izan zen emanaldiak.

Altsasu, hasi eta akatu
Hala izan zen ostiraleko emanaldian. Herrian izanik Altsasuko auziari eta preso daudenei ezin aipamenik egin gabe pasa. Halaxe adierazi zuen Atxagak. Idazleak gaztigatu zuenez, “askatasuna galtzea asko da. Ez da pentsatu behar kartzelan bizitza gelditzen dela. Kartzelan bizitza darrai, segi egiten du. Bertan daudenak bizitzen jarraitzen dute”.

Eta mezu txiki bat emateko Nazim Hikmet poeta turkiarraren olerki bana irakurri zituzten Atxagak eta Joxe Kruzek. “Duela 50 urte, eta orain ere, Gabriel Arestiren Lau gartzelak (1971) liburua irakurri nuenean, harrigarria egin zitzaidan bere poemek zer argi zuten, zer poza, zer alaitasuna zuten. Nahiz eta poemak kartzelan idatzitakoak diren”. Zigor ziegatik patiora atera ondorengoa gogorarazten duten olerkiak dira errezitatu zituztenak (VII eta VIII).

Akaberan Atxagak azaldu zuenez, emanaldi guztietan saioa despeditzeko tokiko olerkari baten poema aukeratzen dute errezitatzeko. Joxe Kruzek aretoan zen Castillo Suarezen Sabaiak poema (2006, Bala hutsak. Susa) errezitatuz despeditu zen irakurketa dramatizatua.