Antzezlan mamitsua

Alfredo Alvaro Igoa 2019ko mai. 6a, 10:01
Iortiako antzerki tailerraren aktoreek ikusleen txaloak jaso zituzten amaieran.

Altsasuko Iortiako antzerki tailerrak arrakasta izan zuen mustutze emanaldian

Transmititu zuten poza. Kezka. Transmititu zuten, amorrua. Haserrea. Transmititu zuten alaitasuna, bizinahia. Dantzatu zuten. Negar egin, barre egin, afaria prestatu, irrati emanaldiak egin, elkarrekin hitz egin, amorratu, haserretu, duintasuna aurkitu, eskrupulu eza azaldu… Hori guztia eta gehiago lortu zuten Altsasuko antzerki tailerreko zortzikoteak ¡Pero que me estas contando! Antzezlanean.

Eszena bi espazioetan banatu zuten. Aurrenekoan familia baten bizitza islatu zuten. Ateko partean, altuago, irrati esatariak, bekaduna eta nagusia aritu ziren, emanaldiak eskaintzen eta haiek prestatzen. Uhin bidezko loturak espazio batetik bestera jauzi egiteko aukera eman zien, horretarako argiztapenarekin jokatuz. Familiaren bizitza guztiz aldatuko da alabari sexu erasoa egiten diotenean. Irratiek, komertzialek eta libreak, horren aurrean hartzen duten jarrera islatuko da segituan.  

Eder Goikoetxea, Jone Pelaez, Juani Santano, Rober Rodriguez, Isabel Borrega, Bea Ganuza, Sergio Molero eta Alberto Alvaro aktoreak txalo zaparrada jaso zuten akaberan. Haiek aldamenean zegoen Birjiñe Albira zuzendariak nabarmendu zuen antzezlana soilik 50 orduan prestatu zela eta lan handia egin zutela aktoreek. Txaloak areagotu egin ziren. Hasiera ere hunkigarria izan zen, antzerki taldeko kide izandako Santi Goikoetxea agertu zen eszenan. Aurrean bideo kamera bat zuela gerora antzezlanean erabiliko zen sofan eseri eta kamerari hizketan hasi zitzaion: “nahi duzunean, Pili”. Alegiazko baizkoa jaso ondoren, gidoi bat irakurtzen hasi zen, hunkituta. Gidoi hura Pilirekin grabatu nahi lukeela jakinarazi zuen Goikoetxeak eszena utzi aurretik. Antzerki tailerrak horrela omendu nahi izan zuen aurten hil den eta tailerreko kide zen Pilar Bueno Martin.