Alde Zaharra ospakizunen erdigune

Guaixe 2019ko mai. 6a, 18:43

Euskal festa eta artisau azoka izan dira asteburuan.

Larunbat eguerdian guraso eta txikiak erraldoien konpartsarekin kalejiran ibili ziren. Omenaldi moduan, ateak itxi zituen Aldasoro harategiaren aurrean ere dantzatu zuten Sorginak, Momotxorroak, Marco Antoniok eta Cleopatrak. Azken bi erraldoi horien azken dantzaldietako bat izan zen larunbatekoa, udalak festetarako beste bikote batekin ordezkatuko dituelako. Bitartean, Foru plazan, euskara praktikatzeko gunea bihurtu zen, mintzodromoarekin. Taldetan banatuta eta taldez aldatuz, hainbat gai izan zituzten hizpide: zein festa zuten gogokoen, San Joan edo San Pedro; eta iritzia eman zuten festetako edalontzi berrerabilgarriez, liburuez, maskotez edota oporrez. Aldamenean, haurrendako txokoa zegoen. Auzatea ere izan zen denendako.

Haiei plazan lekukoa hartu zieten Altsasuko Gazte Asanbladako apustua ikustera joan zirenek. Herri bazkarian 240 bat pertsona elkartu ziren eta aitortzaren makila sukaldariek jaso zuten. Frontoian izan zen bazkaria eta hura jasota, garbitu eta txarangaren animazioarekin kalejira egin ondoren, pilota txapelketako finala izan zen, frontoia beteta zegoela. Iluntzeko dantzaldiak parranda luzatu zuen. Nahiz eta iluntzean botatako euri pixkak asko etxerako bidean jarri

Domeka goizean Foru plaza artisauen erakusleihoa bihurtu zen. Haiek lanean ikusteko aukera izan zuten plazatik pasa ziren bisitari mordoak. Presente zegoen artisauetako batek nabarmendu zuenez, Altsasukoa garai bateko ogibideen erakustaldia egiten segitzen duen Nafarroako hitzordu bakarretakoa da, gainontzekoak salmentara bideratuagoak daudelako. Azokaren 27. edizioa, atzera ere, arrakastatsua izan zen. Gure Etxea eraikinean lentzeria erakusketak ere jendetza erakarri zuen. Ohi bezala, azokan bi bildots zozketatu ziren. Batek etxera eraman zuen, baina 1.517 zenbakia duenak saria jasotzeko du. Arratsaldean, berriz, musika eskolako musikariek eta dantzariek emanaldia eskaini zuten kultur guneko zabalgunean eta haiek ikustera ere jendetza hurbildu zen.


Otadiko Kristo Deuna ermitan 11:00etan apaizak udal agintariei harrera egitera atera ziren. Eta aukera baliatu zuten handik herria bedeinkatzeko.