Etxerako egur lotea eskatzeko epea zabalik

Guaixe 2019ko mai. 8a, 09:20

Usolarrain.

Ostiralera arte egin daiteke. Familiako eskaera bat onartzen da.

Altsasuko Udalak, urtero moduan, etxerako egur lotea eskuratzeko eskaera epea zabaldu du. 150 egur lote eskatzaileen artean egindako zozketa bidez banatuko ditu udalak. Interesatuek ostiralera arteko epea dute izena emateko. 20 euro pagatu beharko dira. Familia unitate bakoitzak lote bakarra eskatzeko aukera izanen du. Udaletik argitu dutenez, lote bakoitza 3.000 kilo ingurukoa da eta Usolarrain, Martinzazpi eta Baso Itxia dermioetan daude markatuta. Zuhaitzak zutik daudenez, hartzaileek egokitzen zaizkionak moztu eta txikitu beharko ditu.

Egur loteen eskatzaileek honako baldintzak bete beharko dituzte: adinez nagusia izatea edo judizialki gaituta dagoen adin txikikoa izatea; Altsasun, gutxienez, hiru urtez erroldatuta egotea; Altsasun urtean, gutxienez, bederatzi hilabetez egiazki eta jarraian bizitzea; udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea; ordenantza ez betetzeagatik aprobetxamendurako eskubidea galdu ez izana eta urte berean eroritako arbolarik eskatu ez izatea.