Bargagain klubak 14 domina lortu zituen Nafar Kirol Jolasetan

Guaixe 2019ko mai. 7a, 15:10

Talde sakandarreko taekwondistek maila bikaina eman zuten: banaka 10 domina lortu zituzten eta taldeka Bargagainek 4 domina ekarri zituen Sakanara

Nafar Kirol Jolasetako Nafarroako Taekwondo Txapelketan apirilaren 13an Arrosadian jokatutako finaletan lan bikaina egin zuten Sakanako Bargagain Taekwondo taldeko kirolariek. Bargagaingo klubetik 13 taekwondista aritu ziren eta emaitza paregabeak lortu zituzten: taekwondistek 10 domina jaso zituzten, eta klub moduan 4 domina lortu zituen Bargagainek. Hortaz, Nafar Kirol Jolasetako 14 domina etorri dira Sakanara.

Emaitzen errepasoa eginez, kategoriaka, emakumezkoen junior mailako pisu arinean Irati Irigoien Crespok urrea lortu zuen eta Ane Gil Aldasorok brontzea. Eta taldekako sailkapenean zilarrezko domina lortu zuten Bargagaingo emakumezko juniorrek. Gizonezkoen junior mailan Mohamed Essobaik zilarrezko domina lortu zuen eulia pisuan. Haurren mailan, emakumezkoen oilar pisuan Leire Etxaniz Claverrek urrezko domina lortu zuen, pisu arinean Rania Mabchourdek urrea eta Alae Hassadi Boutabik zilarra eta pisu ertainean Asmaa Haiyatik urrea. Aipatzekoa da, Gizonezkoen haurren mailan minieulia mailan Joseba San Migelek urrea jaso zuen eta Hugo Rodriguez Arealek zilarra. Haurren mailan, taldeka, Bargagain klubeko emakumezkoek urrea lortu zuten eta Bargagain klubeko gizonek brontzea.
Eta teknikan, gizonezkoen kadete mailako Aaron Rodriguez Arealek urrea lortu zuen teknikan eta Bargagain Klubak zilarrezko domina lortu zuen taldekako teknika sailkapenean.

Urtean zehar Gerardo Moreno irakaslearekin klasean egindako lanak emaitza ikusgarriak lortu ditu eta oso kontentu daude Bargagainen.