Iskizakoen podiuma Nafarroako Taldekako Txapelketan

Guaixe 2019ko mai. 9a, 13:36

Leporaino beteta zegoen Zelandi kiroldegian jokatu zen Nafarroako Taldekako Gimnasia Erritmikoko 2. fasea. 17 klubetako 50 taldetan, 250 gimnasta guztira, tartean Iskiza Sanako bi talde

Altsasuko Zelandi kiroldegia txiki geratu zen larunbatean, Nafarroako Taldekako Gimnasia Erritmikoko Txapelketako 2. fasea ikustera hurbildu zen jendetza hartzeko. Izan ere, ez zen edonolako ikuskizuna: Nafarroako punta-puntako gimnastak aritu ziren lanean, Nafarroako 17 klubetako 50 talde, 250 gimnasta baino gehiago guztira. Eta tartean Iskiza Sakana Gimnasia Erritmikoko klubeko bi talde aritu ziren.

Iskiza Sakanako monitore Olaia Agirrek aipatu digunez, oso maila altua egon zen. ʺHelburua Iskiza Sakanako bi taldeek lan ona egitea zen, ikasturte guztia baitaramagu txapelketa prestatzen, eta lortu genuen. Lan ona egin zuten gure gimnastek”. Pilota, mazak, zinta, uztaia, soka… aparatu guztiekin aritu ziren lanean gimnastak, baina txikienak esku libretan aritu ziren, aparaturik gabe. Zelandi betetzen zutenek puntako koreografia ikusgarriak ikusteko aukera izan zuten. Eguesibarko Alaia eta Lagunak klubekoak ziren faboritoak, baina gainontzeko klubetako gimnastek ere –Iskiza Sakana, Barañain, Antsoain, Tafalla, Tutera, Funes, Club Natación Pamplona, Larraona, Uharte, Shogun, Ibaialde, Mendialdea, Arrotxapea, Txantrea eta Anaitasuna– lan bikaina egin zuten.

Haurren 3. mailan, Iskiza bigarrena
Iskiza Sakanako kimuen mailako taldea Nafarroako Taldekako Txapelketako 4. mailan lehiatzen da eta ʺoso ongi” aritu zirela nabarmendu du Agirrek. ʺKategoria honetan talde asko daude. Lan oso txukuna egin zuten gure gimnastek eta guztiak poz-pozik zeuden” azaldu zuen monitoreak. Haurren mailan podiumera igo ziren Iskizakoak. Nafarroako Taldekako Txapelketako 3. mailan lehiatzen dira haurren mailako Iskizakoak eta bigarrenak sailkatu ziren, primerako lana egin eta gero. ʺEkainaren 1ean jokatuko da Nafarroako Taldekako Txapelketako 3. fasea, Berriozarren, eta lan txukuna egiten badugu 3. mailari eutsiko diogu” gaineratu zuen Agirrek.

Iskizako taldeen lanen jarraipena egiteaz gain, antolakuntza lanetan ere ibili behar izan zuten Iskizakoek. ʺNafarroako Federazioak antolatzen du txapelketa, baina bertako klubak beti lagundu behar du eta lan asko izan genuen. Horretaz gain, barra bat jarri genuen, ikusleek jan-edateko zerbait eskura izateko, Zelanditik gertu ez baitago tabernarik” aipatu zigun Olaia Agirrek.

Ikasturte bukaerako festa, ekainaren 14an Altsasun
Hemendik aurrera, ekainaren 1eko Nafarroako Taldekako Gimnasia Erritmikoko Txapelketako 3. fasea prestatzen jarraituko dute Iskizakoek. ʺLanean jarraitu beharra dago, akatsak zuzendu eta, ahal bada, hobetzeko” dio Agirrek. Bestalde, ikasturte bukaerako Altsasuko jaialdia prestatuko dute. Aurten ekainaren 14an izanen da, ostiralarekin, 19:30ean Iortia Kultur Gunean. Konpetizio mailan aritzen diren Iskiza taldeko 20 gimnastez gain, Iskiza eskolan trebatzen diren gainontzeko 29 gimnastek hartuko dute parte Iortiako jaialdian.