Legegintzaldi honetan Altsasuko Udalean Goazen Altsasu izenpean egon ondoren, Ahal Duguk udal hauteskundetara bere burua aurkeztu du. Moreen zerrendaburua Virginia Alonso izanen da, Jose Luis Moran eta Juan Luis Lopez atzetik dituela. Altsasuko Ahal Duguk bilatzen du “inor ez dezala bere burua Altsasutik alde egitera behartuta ikusi, eta ekonomia, teknologia eta politika pertsonen zerbitzura egon daitezela”.
Moreek “berdintasunezko eta inklusiboa den Altsasu bilatzen dute, herri berdea eta jasangarria, bere ingurumen balioak eta bere kultura eta historia ondareak errespetatuko dituena; kristalezko paretak dituen udalerria, pertsonekin zintzoa, egunerokoan premiak pairatzen dituztenekin solidarioa eta ongi hornitutako gizarte zerbitzuak, osasuna eta irakaskuntza dituena”.
Moreen hurrengo legegintzaldiko helburuetako bat da “etika, gardentasuna eta publikoarekiko errespetua nagusi izan daitezela”. Eta azpimarratu dute “Nafarroan bere nortasuna eta papera mantendu eta aldarrikatuko duen Altsasu” baten alde eginen dutela.
Zerrendako laugarren postuan Iñigo Agirre dago, bosgarrenean, berriz, Maria Pilar Vicente. Juan Pedro Higuero, Mayra del Rocio Yañez, Lorenzo Teodoro Perez, Juana Fernandez, Aitor Vitas, Jose Antonio Palop, Jose Maria Exposito eta Maria Pilar Velascorekin osatzen da moreen zerrendako 13 postuak.