Sakandarrak ez dira podiumetik jaisten

Guaixe 2019ko mai. 16a, 09:02

Juniorretan Alberdik irabazi zuen Zangozako lasterketa eta Gil hirugarrena izan zen. Kadeteetan Aznarrek irabazi zuen Lizarrako proba Etxeberriaren eta Unzillaren aurretik eta Tadeok mendiko txapelketa irabazi zuen

Gauzak honela jarraituz gero, juniorren eta kadeteen lasterketetan Sakana Group-Aralar taldeko kolore berde-txuria eta Burundako Quesos Albenizko kolore gorria gailenduko dira tropelean. Asteburuan ere podiumera igo dira gure txirrundulariak, merezimendu osoz.

Juniorren mailan XXIV. Zangoza Hiria Sari Nagusia zegoen jokoan igandean (81 km). Oso txirrindulari gutxik hartu zuten lasterketan eta horietatik soilik hamabik lortu zuten proba despeditzea. Helmugara aurretik iritsi zen hirukote batek jokatu zuen proba eta esprintean Sakana Group taldeko Aitor Alberdi arbizuarra gailendu zen (2:03:05), Sergio Grajeraren (El Caserio Valsay) eta Jon Gil lakuntzarraren (Lizarte Ermitagaña) aurretik. Mikel Arretxe (Beola) bosgarrena iritsi zen, 34 segundora, eta Igor Arrieta uhartearra (Sakana Group) seigarrena, 46 segundora. Lasterketa irabazteaz gain, mendiko txapelketa irabazi zuen Alberdik.


Kadetak: lau sakandar podiumean
Aurretik, bezperan, kadeteen mailako lasterketa jokatu zen Lizarran, Electricidad Kesma trofeoa (57 km). Lasterketa mugitua eta gero, zazpikote bat iritsi zen batera helmugara eta beraien artean erabaki zen lasterketa. Azkarrena Burundako Quesos Albenizko (Q. Albeniz) Hugo Aznar izan zen, Sakana Group-Aralar taldeko Martzel Etxeberria iturmendiarraren eta Mikel Uncillaren (Q. Albeniz) aurretik. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Jon Chamorro (Q. Albeniz) 13.a iritsi zen, Jon Erdozia (Sakana Group) 14,.a, Alex Lopetegi (Sakana Group) 19.a, Aimar Tadeo (Sakana Group) 20.a, Oihan Etxeberria (Q. Albeniz) 28.a, Unax Trevejo (Q. Albeniz) 35.a eta Julen Guerrero (Q. Albeniz) 37.a. Tartekako helmugako sailkapena Aimar Tadeok irabazi zuen eta taldekako sailkapenean Quesos Albeniz bigarrena sailkatu zen eta Sakana Group hirugarrena.