Alfonbra gorria jartzen hasi dira

Guaixe 2019ko mai. 17a, 11:58
Altsasuko Gazte Asanblako kideak Gaztewood proiezkzioen aurkezpenean. AGA

Gaztewood Altsasuko gaztetxearen III. film laburren lehiaketara aurkeztutako lanen proiekzioa izango da gaur eta bihar Iortia kultur gunean

2019ko Gaztewood film laburren lehiaketaren azken txaparen antolakuntzan hasi dira gazte asanbladako kideak. Gaur, ostirala, eta etzi, igandea, lehiaketara aurkeztutako 20 film laburrak proiektatuko dituzte Iortia kultur gunean. Eta txapelketa bukatu aurretik ere esan daiteke arrakastatsua izan dela: bi emanaldietarako sarrerak agortu dira. "Espero genuen eta momenturen batean hirugarren proiekzio bat ateratzeko aukera egon zitekeela uste izan genuen. Baina 600 pertsona mugitu dira, sarrerak hartu dituzte. Nahiko genuke Sadar bezalako estadio bat betetzea, baina ez".

Herrikoia
Gaztewood bezalako film laburren lehiaketa prestatzearen atzetik "lana dago", baita "ilusio handia" ere: "Urte gogorra izan da, bere gora beherekin, baina umorea galdu gabe eta dinamikak aurrera eramanez. Buruhauste asko izan ditugu herria nola piztu, aktibatu edo gonbidatu pentsatuz". Herri txapelketa aurkeztu zutenetik urte bat inguru pasa da, eta egindako lanak erantzuna izan duela ikusita pozik daude. Izan ere, azaldu dutenez Gaztewood-aren helburu nagusia herriaren parte hartzea da. "Altsasuko Gaztetxeak aurkezten duen hirugarren laburmetrai herrikoia. Herrikoi hori oso garrantzitsua da guretzat". Herriko jendea, gazteak batez ere, gauza ezberdinak egiteko ahalmena eta munduarekin konpartitzeko ahalmena helburu nagusia izan da.

Duela hamar urte, 2009an, egin zen Gaztewood film laburren herri lehiaketaren II. edizioa egin zen. Bai txapelketa bai gala arrakastatsua izan ziren, hala ere, gazte asanbladako kideek argi dute: "oso gauza garrantzitsu bat dago: duela hamar urte izan zen. Lan talde honetan dagoen jendearen gehiago bat oso haurra zen eta ez zuen lehenengo pertsonan bizi. Eta, esaten den bezala, konparazioak ez dira oso onak". Hortaz, gazte asanbladak gazteek osatzen dutenez, "orain" gazteen gogoek, ahalmenek eta medioek ahalbidetzen dietena egin dutela nabarmendu dute. "Ez dugu muga aurreko jaialdian jarri".

Produkzioak
Hogei film labur aurkeztu dira Gaztewood film laburren hirugarren herri lehiaketara. "Denak sakandarrak dira". Altsasuko 17 film labur daude -"horietako bat Urdiaingo eta Altsasuko koprodukzio bat da"-, Sakanako gazte batzuen beste bat dago, Uharte Arakilgo kuadrillako baten bideo bat eta Etxarri Aranazko gazte asanbladak beste bat aurkeztu du.  Konparazioak ekidin nahi dituzten arren, bigarren edizioan Altsasutik kanpoko lanak aurkeztu ziren ere, "oso garrantzitsua da guretzat lan kopuru ia berdina lortu delako eta gehienak Altsasukoak direlako". Irakurketa positiboa egiten dute beste aspektu batean ere: "aurrekoan euskarazko saria egon zen euskaraz egindako film labur gutxi egon zirelako". Hogeitik hamar euskara hutsean dira, bost euskara eta gaztelania uztartzen dira eta beste bost gaztelaniaz dira.  

"Orokorrean nahiko maila ona dago. Barreak botatzeko balioko dute. Batzuk besteak baina landuagoak daude, baina orokorrean oso onak eta politak dira". Iortia kultur gunean proiektatuko dituzte hogei film laburrak gaur eta etzi. Gainera, proiekzioetara joaten den jendea erabakigarria izango da, publikoaren sariaren irabazlea aukeratuko dutelako.

Gala erraldoia
Ekainaren 8an "gala erraldoia" baina, aldi berean, "xumea" izango da Burunda frontoian. "Koloretsua" eta "sorpresaz beterikoa" izango dela aurreratu dute: "jendean harrituta geldituko da gazte talde honek noraino hel daitekeen ikusita". Guztira, sei sari egongo dira; proiekzioetara joan den jendeak aukeratutako publikoaren saria eta epaimahaiak aukeratutako bost sari: film labur, emakumezko eta gizonezko aktore, zuzendaritza eta kartel onenak. Hiru orduko ikuskizuna izango da eta sari banaketa ez ezik, musika zuzenean eta performanceak egongo dira. Gainera, barra eta afaltzeko aukera egongo da ere.

Aurkeztutako film laburren tituluak

  • 21 dias investigando la mafia de la sidra
  • Altsasu eta kuadrila isolatuak
  • Altsun denetik do!
  • Anderearen sua
  • Arima
  • Aske izan arte
  • Azken afaye
  • Behin wildnature
  • El mundo es tuyo
  • Hippielongi askatu
  • Honguiña
  • Iepaaa!!!
  • Jaio, juerga, hil
  • Lata baten gorabeherak
  • Maskarita
  • Oztopa guztien gainetik
  • Resacon en las Vegas
  • Sabinotb
  • Terror en zona Vasca
  • Begien Arima