Gozas sari bat Altsasura

Guaixe 2019ko mai. 17a, 14:44

6. Gozamenez film laburren lehiaketan Las Melonas taldeak sarietako bat jaso du.

Sexualitatea gazteen artean modu positiboan zabaldu nahi duen Gozamenez programak Nola gozatzen duzu? film laburren lehiaketa antolatu zuen eta bere sari banaketa egin zuten Iruñean ostegunean. Gazte nafarrei zuzendutako lehiaketa horretan, parte-hartzaileek sexualitatearen bizipenak duen aberastasunari buruz daukaten ideiaren berri eman behar zuten. Lehiaketara hamar lan aurkeztu ziren.

18 eta 24 urte arteko mailan Altsasuko Las Melonas taldeak aurkeztutako film laburra izan zen irabazlea. Epaimahaiaren arabera, “hiru neskek bost zentzuez gozarazten digute, euren jolasez, poztasunez eta laguntasunaz. Film labur bizi eta dinamikoa, barrea eragiten duena”. Melodi Fernandez, Aintzane Moreno eta Nerea Remigio izan dira saritutako bideoa egin dutenak.

Altsasuko hiru talde aurkeztu ziren lehiaketara honako film laburrekin: aipatu Las Melonas taldeaz aparte Aerodantz taldearen (Aitziber Da costa eta Endika Ziordia) Viviendo sin miedo eta Olaia Maciaren Olaia. Azkeneko biak 12 eta 17 urte bitartekoen mailan lehiatu ziren. Lehiaketara aurkeztutako proposamen guztiak www.gozamenez.com web gunean ikus daitezke.

Altsasun ere, Gozamenez
Gozas galaren ondoren, datorren ostiralean, 18:30ean, sari banaketa altsasuarra eginen da Altsasuko Gozamenez-ek antolatuta. Bertan, Altsasutik film laburren lehiaketara aurkeztutakoen artean sariak banatuko dituzte, baita diplomak eman ere. Aurretik, film laburren proiekzioa egingo da. Javier Ollo alkatea eta Julia Cid gazteria arloko zinegotzia izango dira sari banaketan.

Gozamenez gala
18:30ean Ongi etorria eta aurkezpena.
18:40ean Film laburren proiekzioa.
19:00etan Sari eta diplomen banaketa.
19:00etan Auzatea.