Ospak 26 kontrol zenbatu ditu apirilean

Guaixe 2019ko maiatzaren 18a

Ospa eguneko ekitaldia.

Urteko aurreneko lau hilabeteetan 168 kontrol zenbatu ditu.

Ospa mugimenduak jakinarazi duenez, Altsasun 26 kontrol zenbatu zituzten joan den hilabetean. Haietako 17 Foruzaingoarenak izan ziren (% 65,38) eta gainontzeko 9ak Guardia Civilarenak (%34,61). Ospa mugimenduko kideek kartel bidez azaldu dutenez, urteko lehen lau hilabeteetan herrian 168 kontrol zenbatu dituzte, 1,4 kontrol eguneko. Kontrol horietatik 105 (%62,5) Foruzaingoarenak dira eta 63 (% 37,5) Guardia Civilarenak. Kontrolen kokapenari dagokionez. Ospatik jakinarazi dutenez, gehienak, 64 (% 38,09) Altsasuko kaleetan izaten dira. Gainontzeko guztiak herriko sarreretan kokatuak dira. Horien artean, Osparen datuen arabera, Iruñerako irteeran jartzen diren kontrolak daude: 56 (% 33,33). Gasteizerako irteeran 34 kontrol izan ziren (% 20,23) eta, azkenik, Donostiarako irteeran Ospako kideek 14 kontrol zenbatu zituzten (%8,33). Ospa mugimendutik errepresio indarrak alde egitea eta desmilitarizazioa aldarrikatu dituzte.