Sunsundegui enpresatik otsailean jakinarazi zuten 111 langile kontratatu nahi zituztela. Orduan jakinarazi zutenez, soldadoreak, altzari eta lur muntatzaileak, karrozeria margolariak eta elektrikariak behar zituzten. Otsailean deialdia egin ondoren hainbat postu bete zituzten, baina enpresako arduradunek jakinarazi digutenez, oraindik ere elektrikariak eta altzari eta lur muntatzaileak behar dituzte. 50 eta 70 postu artean dituzte betetzeko. Otsailean jakinarazitakoa baino lanpostu batzuk gehiago. Gaur egun Sunsundeguin 420 langile ari dira lanean.
Sunsundeguik, Nafar Lansarerekin batera, langabetuendako ikastaroak antolatu zituen, ofizioa ikasi eta haietako batzuk kontratatzeko konpromisoa hartuz. Hala egin zuen. Baina, enpresatik jakinarazi digutenez, aurten ez dute halakorik egiteko asmorik.
Autobus eskaeran igoera izan da eta horri erantzuteko Altsasuko lantegian egunero hiru autobus egin nahi dituzte. Atzerritik etorritako autobus eskaerak izan dira Sunsundeguiren lan poltsa handitu dutenak, Dubaikoak (SC5 modeloko 143 autobus) eta Ingalaterrakoak batez ere.
75. urteurrena
Sunsundeguik aurten 75 urte bete ditu. Hona bere historia labur:
1944 Jose Sunsundegui irundarrak Irunen aurreneko tailerra egin zuen. Trenen konponketan aritzen zen.
1956 Ordurako enpresa Irundik Altsasura lekualdatu zen. Renferen trenak konpontzen zituzten. Baina estatuko enpresak bere tailerrak jartzean egokitu behar izan zuen.
1987 Zuzendaritza berriarekin trenen konponketa eta karrozatzeaz aparte autobusen arloan sartu ziren. Aurreneko autobusa Korinto modeloa izan zen, 54 bidaiarirendako tokia zuena.
90eko hamarkada Stylo modeloarekin Sunsundeguik kalitatezko karrozatzaile ospea lortu zuen. Vardi eta Vardino modeloak ere ordukoak dira. Autobusak atzerrira, Israelera eta Erresuma Batura, esportatzen hasi zen.
1996 Sunsundeguik Sideral autobus modeloa ekoizten hasi zen.
2000 Aurreko modeloari makina bat hobekuntza egin ondoren merkaturatu zuten Sideral 2000 autobusa. Etxeko marka diren atzerako ispilu asimetrikoak jartzen hasi ziren, gaur egun SC7 modeloan oraindik ere jartzen direnak.
2004 Astral modeloa merkaturatu zuen Sunsundeguik. Hamarkada horretan Sideral 330 eta Sideral 3.30 modeloak ekoiztu zituen.
2006 Sideral 2000 modeloa berriztatu eta Sideral 10 modeloa sortu zuten.
2010eko hamarkada Sunsundeguik SC5, SC7 eta SB3 modeloak merkaturatu ditu.