Udalak udarako eskaintza zabala prestatu du

Guaixe 2019ko mai. 20a, 09:40
Gazteak gaztetxokoan egindako dantza tailer batean.

Izen ematea gaurtik ostiralera izanen da 012 telefonora hots eginez edo www.altsasu.eus web orriaren bidez.

Altsasuko Udaleko Ludotekak, Gazteria eta Kirol Zerbitzuek eta musika eskolak udarako eskaintza prestatu dute. Horren berri ikastetxeen bidez banatuko den liburuxka batean jasoa dago eta ikasleek etxera eramanen dute. Ludotekatik Aisiz blai programa prestatu dute garagarrilaren 21, 24, 25, 26, 27 eta 28rako, 08:30etatik 13:30etara. Eskaintza 3 eta 12 urte (2007-2016) arteko haurrendako da. Garilean eta agorrilean eginen diren programan 4 eta 12 urte (2007-2015) arteko haurrei zuzenduta daude. Garilean 09:30etik 13:00etara izanen dira eta agorrilean 10:00etatik 13:00etara. Bi hilabeteetan hamabostaldika izena emateko aukera dago. Aurten, gainera, berritasun gisa, Altsasun erroldatuta ez dauden pertsonak ere onartuko dituzte, osatutako taldeen gehienezko ratioa bete arte.

Gazteria Zerbitzuak 12 eta 30 urte bitarteko altsasuarrendako hiru eskaintzaz osatutako udako programazioa prest du. Alde batetik, tailerrak daude: Ur Festa Goxoa (garilak 4an, 21:00etatik 01:00etara, Dantzalekun), zaldi ibilaldia (garilaren 10ean, 16:00etatik 19:00etara), Donostiako hondartzara irteera (garilaren 24an, 10:30etik 19:30era), izarren behaketa (agorrilaren 8an, 22:30ean, hilerri aurrean), Gaueko Pulunpak (agorrileko astearteetan, 21:00etatik 23:00etara) eta Padle saioa (agorrilaren 6an).

Horrekin batera, 12-16 urte arteko gazteei zuzendutako UdaGazte programa izanen da garilaren 8tik 19ra, 10:00etatik 13:00etara. Dantzalekun kanpaldi bat ere egingo dute garilaren 18an. Prezioak errentaren arabera izango dira. Eskaintza aniztasun funtzionalak dituzten gaztendako zuzendutako Gu Geu Gazte programarekin osatuko da. Garilaren 1etik 31ra, 17:00etatik 20:00etara izanen da. Kuota, errentaren arabera da.

Kirol Zerbitzutik jakinarazi dutenez, heldu den astean izanen da aukera izena emateko 2019-2020 ikasturteko kirol eskoletan, multiekintza osasuntsuan eta garagarrileko igeriketako kurtso trinkoetan. Kirol eskolek, kirolaren arabera, 2004 eta 2015 urteen artean jaiotako haur eta gazteei zuzendutako dozena bat eskaintza dituzte. Zerbitzutik azaldu dutenez, Multiekintza osasuntsua   jarduera ludiko-fisikoa da eta osasun-zentroko pediatria arloarekin koordinatuta dago. Kirolaren bidez bizi osasuntsua izatea da helburutariko bat. Bi talde izanen dira eta 2004-2007 eta 2008-2012 urteen artean jaiotakoena; igerilekuan edo gimnasioan garatuko da.

Zerbitzuaren berritasunetako bat da aurten triatloi eskola kirol eskolen barruan eskainiko dela. Adinaren araberako bi talde sortuko dira: 2008-2010 eta  2004-2007 urteen artean jaiotakoenak. Entrenamenduak Dantzaleku eta Zelandi igerilekuan izanen dira. Beste berritasunetako bat da pilota eskolak 2004-2010 urteen artean neskendako zuzendutako pala talde bat eskainiko dela.