"Irautearen aldeko ideia nabarmendu nahi nuen"

E. Carreño eta E. Ruiz 2019ko mai. 20a, 11:47
Castillo Suarez idazlea. IBAI ARRIETA

'Irautera' poema liburua aurkeztu du Castillo Suarez idazle altsasuarrak. Jaioterrian kokatu du azken liburua, poemen arteko lotura zuhaitzek egiten dutelako

Urtebetetze festa izan da Castillo Suarez idazleak argitaratu zuen azken poema liburua. Ordutik, haurrendako liburuak atera ditu. Baina poesia alde batera utzi zuen. Irautera liburua idatzi zuen arte. Hala ere, ez du esan nahi poemak idatzi ez dituenik. Irautearen buruzko liburua idatzi du altsasuarrak, eta liburuaren paisai sentimentala inguruko basoetan kokatu du

Zazpi urte poesia argitaratu gabe. Tarte horretan poeta izateari utzi diozu?
Ez. Nik uste dut poesia gauzak adierazteko modu bat dela. Iruditzen zait poema on bat idazteko adierazi nahi duzun horren eta adierazteko moduaren arteko orekan datzala. Horrelako gauzak idazten ditudanean horri erreparatzen diot; ez bakarrik zer esaten dudan, baizik eta nola esaten dudan.

Beraz, poesia idazten jarraitu duzu, baina ez duzu publikatu.
Hasieran poemak idazten eta liburuak argitaratzen hasi nintzenean dezente argitaratu nuen. Bi urtetik behin kaleratzen nuen liburu bat. Horrek errepikatzearen arriskua dakar. 20 urte baino gehiago daramat idazten eta nik uste idazle bati pasa dakioken gauzarik okerrena dela argitaratu duen azkena baino liburu txarragoa ateratzea. Hori izaten da nire obsesioetako bat. Orduan, nire azken liburua Urtebetetze festa izan zen eta hain gustura gelditu nintzen, iruditu zitzaidala hoberik ezin nuela egin. Aurrekoan Xabier Mendiguren editoreari Irautera entregatu nionean, nire onena eman dudala eta ez dakidala hobeto egiten esan nion. Esan zidan ikusteko dagoela, beti bukatzen dudanean hori esaten dudala.

Beraz, zein da zure sentsazioa 'Irautera' liburuarekin?
Oso konforme nago. Nik ezin dut esan, ez dagokit niri esatea, baina Xabier editoreak esaten du orain arte idatzi dudan onena dela. Bere iritzia da.

Irakurketa bat baino gehiago dauka.
Azaletik edo lehenengo irakurketa batean eman dezake zuhaitzei buruzko liburu bat dela. Nik uste dut liburu tranpa dela hau. Gauza baten itxura ematen du, baina sakonean beste gauza bat da.

Beraz, zuhaitzak eta landareak ezagutzeko aukera ere ematen du.
Laguntza izan dut. Jose Mari Alegriak eta Juan Mari Apaolazak lagundu didate. Teknikoki gainbegiratuta dugu.

Sentimenduak agerikoak dira, eta zure ironia puntu bat ere hor dago.
Beti. Oso zaila da. Konturatu naiz eta egiaztatu daiteke, geroz eta nire aitaren antza handiagoa daukadala. Eta gure aita oso pertsona ironikoa da. Ni eroso eta gustura nagoenean ironia erabiltzen dut. Sedukziorako edo erakartzeko tresna bat dela iruditzen zait. Mekanismo bat bada, kasu honetan, harreman sentimentaletan. Oso kontzienteki erabiltzen dut ironia.

Hainbat toki agertzen dira. Zure irudimenean sortu dituzu edo inspirazioa bilatzeko joaten zaren tokiak dira?
Paisaia sentimentala kokatu dut Goierriren eta Sakanaren arteko mugan. Altsasukoa naiz, baina autobidearen beste aldekoa eta paseo batean katea pasatzen dut. Hor kontrastea ikusten da. Nafarroako basoak komunalak dira eta Gipuzkoakoak ez. Hor irabazi asmoarekin ustiatu egiten dira, eta beste espezie batzuk daude. Eukaliptoak eta pinuak daude, esaterako. Kontrastea da adierazi nahi dudana. Arrotza eta bertakoa, inbaditzailea eta bertakoa, beharra eta desira, gupida eta sexua...

Eta azalean iratze bat agertzen da. Zer esanahi du?
Iratzea oso landare primitiboa da. Lehendabizikoa da ateratzen eta azkena joaten da. Karea behar da kentzeko. Irudikatu nahi nuen txikizio, abandonu edo galera batean irauten duen hori. Gainera, iratzea berezia da: ez du loratzen eta espora bidez ugaltzen dira. Iruditzen zitzaidan oso irudi egokia zela. Hitz joko bat dago ere. Azkenean iratzea ira-z hasten da eta Irautea deitzen da liburua. Iratze horren lamina Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan dago, hemendik gertu. Diplomatiko batek Gipuzkoako landareen katalogo bat egin zuen eta, besteak beste, iratzea marraztu zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiarena da irudia eta erabiltzeko baimena eman digute.

Liburuak eta idazteak barruak duzuna kaleratzeko balio dizu?
Ez da nire kasua. Ez dut erabiltzen terapia gisa. Hondoratuta banago ez nuke idazten jakingo. Idazle askok horrela egiten dute. Poesia ustiatzearekin erabiltzen dute. Nire kasuan, ez. Irautearen ideia bai nabarmendu nahi nuen. Baina ez da nire ideia bat, lapurtu dudan ideia bat da. Erreferentziazko liburu batzuk berreskuratu ditut. Jon Geredianarenaren Argia, lurra, zuhaitza eta zerua liburuan zuhaitz pila bat aipatzen dira, baina ez nuen horregatik hautatu. Iraun behar duenaren aldeko aldarri bat egiten duelako hautatu nuen. Pasarte antologiko bat badu, kotxean bakarrik nabilenean askotan burutara etortzen zaidana, nola jardun eta nola paratu beti iraun duenaren alde. Galdera hori erantzuteko saiakera bat izan da.

Beraz, hainbat idazleren aipamena eta erreferentzia erabili dituzu. Besteak beste, emakume poeta galegoak.
Emakume galegoak hartu ditut eta liburura biren aipamenak ekarri ditut iruditzen zaidalako inguruarekiko harreman zintzoa dutela. Euskal Herriari eta basoei buruz irudi bukolikoak ematen duten euskal idazleak badira. Espainian ere landa eremua eta ruralismoa aldarrikatzen dutenak badira. Nik nahi nuen inguruan daukadan paisaia islatu, baina modu zintzo batean. Ederra da paisaia, baina horrek ez darama bukolismora. Bestetik, euskal literaturan liburu mugarri bat badago: Jose Luis Otamendiren Lur bat zure minari. Eremu semantikoa harten dute maitasunak eta lurrak. Liburu hori ere berreskuratu nahi izan dut.

Nola izan da sortze prozesua?
60 poema dira eta eguneko poema bat egiten nuen. Baina esan behar da ordurako buelta asko eman diodala buruari eta gauza asko irakurri ditudala. Idazketa prozesua izan da nahiko bizkorra. Uda baino lehen argitaratu ahal izateko, martxoaren hasieran entregatu behar nuen. Egunero Arbizuko liburutegira joaten nintzen eta han idatzi dut. Mirari bat izan da. Ez dakit nola egin ahal izan dudan.

Liburua prentsaurrekoan aurkeztu duzu, baina beste aurkezpen bat egingo duzu ere.
Liburu honen aurkezpena oso bitxia izan da. Galegoz eta katalanez euskaraz baino lehenago aurkeztu da. Bi jaialdietan egon naiz, Con tu poetica eta Orain Mediterranea, eta beste hizkuntzatan aurkeztu dut. Itzulpen bat da. Eta ekainaren 2an Galarretako Kukuma etxean, 18:00etan, lagunarteko aurkezpena egingo dut.

Hurrengoa noizko?
Momentuz ari naiz egiten ipuintxo bat haurrendako eta horrekin nabil.

Erlazionatuak