Tarima Beltzaren "ama axolagabea" bihar Agurainen

Guaixe 2019ko mai. 17a, 11:30
'Madres y pasotas' antzezlanaren eszena bat. TARIMA BELTZA

Tarima Beltza taldearen Madres y pasotas antzezlana izanen da bihar, larunbata, 19:30ean, Aguraingo Harresi aretoan

Madres y pasotas antzezlanaren mustutzearen urtebetetzea izanen da maiatzaren 26an. Tarima Beltza antzerki taldea Euskal Herriko hamaika herritan egon da ama baten komediak eta komeriak kontatzen. Eta bihar, larunbata, 19:30ean, Aguraingo Harresi aretoan egonen da.
 
Dario Foren La madre pasota antzezlanaren adaptazioa da. Asun Abadek egin zuen adaptazioa, izan ere, Foren lana monologo bat da eta Abadek monologo horretatik pertsonaiak atera zituen. Aurreko asteburuan, gainera, antzerkigileak lana zuzenean ikusteko aukera izan zuen, Tarima Beltzak Ubaniko frontoian egon baitzen Madres y pasotas antzezlana egiten, eta bertan Abad zegoen.


Madres y Pasotas komedia bat da, izan ere, “Tarima Beltzakoek eskatzen dute komedia egitea”, Jon Barbarin Tarima Beltzako zuzendariak azaldu duenez. Martxoan estreinatu nahi zuten, baina testuekin arazoak izan zituztenez bihar taularatuko dute estreinakoz, Iortia kultur gunean, 19:30ean. Hamargarren urtemuga ospatu du Tarima Beltza antzerki amateur taldeak.
Kutsu eta kritika soziala duen komedia bat da Madres y Pasotas antzezlana. Emakume batek apaiz batekin duen elkarrizketa kontatzen du. Kontatzen duen bitartean “flashback” moduan bere bizitzaren kontakizunak irudikatzen dira. “Testua hautatzeko arazoak izan genituen. Bi proposatu zidaten, baina ez nituen ikusten. Nik beste proposamen batzuk egin nizkien, baina haiek ez zuten ikusten”. Azkenean Foren antzezlanaren adaptazioa aukeratu zuten. “Dario Fo lan egiteko oso esker onekoa da”.

Lau emakumezko aktore eta gizonezko batentzako prestatutako antzezlan bat egin behar zuten, gainera. “Bilatu behar duzu zerbait haientzako, eta lau emakume eta gizon bakarrarentzako zaila da askotan. Antzerkian, beste arloetan bezala, oraindik antzezlanetan gizonezkoen pertsonaiak nagusi dira. Orain egiten diren antzezlanetan, agian, emakume pertsonaia gehiago daude”. Merche Herrera, Nahikari Gonzalez, Marta Diego, Olibi Galparsoro eta Juan Manuel Herrero dira Madres y Pasotas antzezlana taularatuko duten aktoreak.