Kioskoak, herrietako kultur erdiguneak

Guaixe 2019ko mai. 21a, 11:19
Altsasuko kioskoa herri inauterietako apaingarriekin. ARTXIBOA

Iñaki Uriarte arkitektoak Euskal Herriko kioskoei buruzko ikerketa egin du eta, besteak beste, Altsasuko kioskoa aztertu du. Maiatzaren 10ean 'Kioskoa, musikarako arkitektura' hitzaldia eman zuen Iortia kultur gunean

Sakanako eta Euskal Herriko herri askotan presente dagoen elementu bat da koskoa. Mikroarkitektura bat dela esan du Iñaki Uriarteak, besteak beste, kioskoei buruzko ikerketa egin duen arkitektoak. Kioskoa, musikarako arkitektura deitutako hitzaldia eman zuen Iortia kultur gunean, aurreko ostiralea. "Nik proposatu nuen hitzaldi hau Altsasun egitea". Herriari omenaldi "xume" bat egin nahi zion: "alde batetik herria leku fisikok bezala eta bestetik herria zentzu sozialean ulertuta, Altsasuko auziaren aurrean izan duen mobilizatzeko ahalmenagatik". Gainera, Koldo Arnanz artista altsasuarra ezagutze du ere.

Herria omentzeko Uriartek dituen hitzaldi sortatik kioskoei buruzkoa aukeratu zuen, izan ere, arkitektoak azaldu duenez  mobilizazioetako eta manifestazioetako asko kioskoan amaitu dira eta dagoeneko ospetsua egin da.

Kioskoak
Kioskoek musikaren garapenarekin eta musikak herrian izan duen hedapenaren garapenarekin bat egiten dute. XIX. mendean, jendea paseatzera ateratzen hasten da eta orduan sortzen dira musika bandak ere. Beraz, bandek jotzeko leku bat behar zuten, eta horiek kioskoak ziren. Ordura arte, musika gutxien esku zegoen, elizaren, militarren, burgesiaren eta nobleziaren esku, baina kioskoekin musika "herrira" atera zen.

Urtiarteren hitzetan, herriaren aberastasunaren arabera, kioskoak apainduagoak edo xumeagoak ziren, eta kioskoak osorik edo piezaka egiten zituzten enpresak baziren. Oktogonalak edo borobilak ziren eta ornamentazio asko zituzten. 1940ko hamarkadan kioskoak hormigoizkoak egiten hasi ziren, iraunkor egiteko nahiarekin. "Erreferentzia hori izateko". Azken finean, kiosko bat izatea "idiosinkrasia kulturalaren" adierazlea zen. "Liburutegiak eta kultur etxeak baino lehen zeuden kioskoak".

Kioskoen gainbehera 1970ko hamarkadan hasi ziren. Aurretik diskoak atera ziren, eta musika "dagoeneko ez da bilatu behar, etxean dago". Baina 1970ko hamarkadan diskotekak agertu ziren, eta haiekin musika estiloa eta lekua ere aldatzen dira. Garai horretan kioskoak botatzen hasi ziren, eta berreingatik aldatu zituzten. Eginkizun berri bat ematen zaie ere: manifestazioen erdigunea bihurtu zen, diskurtsoak botatzeko lekua zen, eta pankartez bete ziren. "Hutsik daudenean, haurrek bertan igotzen dira eta jolasten dute. Atrakzio elementu bat da".

Altsasuko kioskoa
Hirugarren aro bat bizitzen ari dira kioskoak, 2000. hamarkadan hasitakoa. Kiosko zaharrak bota eta kasu batzuetan kiosko modernoengatik  aldatzen hasi ziren; Altsasuko eta Etxarri Aranazko kioskoen kasu. "Hormigoizkoak ere desagertzen ari dira". Kiosko berri hauetan "interpretazio librea" egiten da. Oktogonoa eta borobila galtzen dela azaldu du arkitektoak. Elementuei "funtzionaltasuna" ematen zaio.

"Altsasuko kiosko zaharrak materialetan eta forjan erakusten zuen dotorezia eta fintasuna xarmangarriagoa egiten zuen". Modernoak estilo garaikidea dela, eta emozio puntu hori galdu dela adierazi du Uriartek.