Bihar Goizeko Sakanako 3. Irristaketa Trofeoa jokatuko da, baina arratsaldeko Sakanako Irristaketa Topaketa bertan behera geratu da

Guaixe 2019ko mai. 24a, 11:43

Bihar, goizeko 10:00etan, Patin Sakanak antolatutako Sakanako 3. Trofeoa jokatuko da Altsasun, eta, arratsalderako deituta zegoen Sakanako Irristaketa Topaketa bertan behera geratu da, eguraldiagatik



Bihar, larunbat goizean, 10:00etatik aurrera, Patin Sakana taldeak hainbat babesle eta entitateren laguntzarekin antolatutako Sakanako 3. Trofeoa jokatuko da. Hasiera batean Altzania kalean izango dira lasterketa eta abiadurazko irristaketa txapelketa izanen da, kategoria guztietakoa. Baina litekeena da eguraldiagatik txapelketa Burunda frontoian jokatu behar izatea.

Arratsaldeko Sakanako Irristaketa Topaketa, bertan behera
Arratsalderako Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzuak Sakanako Irristaketa Topaketa antolatua zuen, Altsasuko Udalaren, Sakana Patin taldearen eta Olaztiko Sutegi, Urdiaingo Aitziber, Etxarri Aranatz eta Uharte Arakilgo irristaketa taldeen laguntzarekin. Haur, gazte eta helduendako irristaketa topaketa izan behar zuen, irristalarien festa, eta ibilbide polita zuten prestatua irristalari guztiek elkarrekin egiteko: Altzania kaletik abiatuta, Zumalakarregi kaleari buelta eman, San Juan kalera sartu, hura gurutzatu eta Gartzia Ximenezera aterako dira, ondoren Bakea kalera sartu eta Altzania kalera heltzeko. Baina Sakanako Mankomunitatetik adierazi dutenez, eguraldiagatik –euria iragarri dute biharko– bertan behera geratu da topaketa.

Irristalari sakandarrak bikain Espainiako Pista Txapelketan
Asteburuan Txantreako patinodromoan junior eta senior mailako Espainiako Pista Txapelketak jokatu ziren. Patin Sakanako irristalariek ez zuten parte hartu, maila horietako irristalariak ez dituztelako. Izan ere, maila horietan entrenatzeko bitartekoak behar dira, eta Sakanan irristaketa pistarik ez dagoenez, beste talde batzuetara jotzen dute irristalari sakandarrak.

Horrela, emakumezkoen junior mailan Ana Rita Correira altsasuarra (Lagunak) 29.a sailkatu zen. Gizonezkoen junior mailan, Unai Villalobos altsasuarra (Lagunak) primeran aritu zen atzera ere eta bigarrena sailkatu zen 10.000 metroko puntu-kanporaketan eta bigarrena izan zen sailkapen orokorrean. Bere taldekide Ander Chamorro altsasuarra (Lagunak) 14.a sailkatu zen. Eta gizonezkoen senior mailan Eduardo Ramirez (Amaya) egiarretarra 7.a sailkatu zen sailkapen orokorrean eta Unai Baztan (Amaya) altsasuarra 12.a.