Denboraldi bukaerako festa bihar Altsasun

Guaixe 2019ko mai. 24a, 09:46
Naiara Diez bere txikitako klubera itzuliko da.

CBASKek antolatuta, goizeko 11:00etan izanen da, Zelandin. Naiara Diez saskibaloi jokalariarekin, Asier Pazos errugbi jokalariarekin eta Beñat Katarain mendi lasterkariarekin egoteko aukera izango dute bildutakoek

2018/2019 denboraldia bukatzear dagoen honetan, Altsasuko CBASK saskibaloi taldeak ikasturte bukaerako festa antolatu du, 7 eta 13 urteko haurrei begira. Bihar, larunbatean, goizeko 11:00etan hasiko da ekitaldia eta lehenik eta behin gaztetxoendako jokoak egongo dira. Saskibaloia ezagutzeko primerako aukera izango da.

Ondoren, 12:30ak aldera, hiru gonbidatu oso berezi hurbilduko dira Zelandi kiroldegira: Naiara Diez Lointek Gernika saskibaloi taldeko jokalari altsasuarra, Asier Pazos errugbi jokalari lakuntzarra, Ampo Ordizia taldekoa, eta Beñat Katarain mendi korrikalari lakuntzarra, Euskal selekzioko kidea dena. Beraien egunerokoaren berri emango dute solasaldian. Puntako hiru kirolari sakandar hauekin egoteko eta galderak egiteko aukera izango dute bildutakoek.

CBASK, zortzigarrena
Autonomia Arteko 2. mailako denboraldia despeditu da. Altsasuko CBASK saskibaloi taldeak 7. eta 8. postua erabakitzeko partida jokatu zuen larunbatean Larraona A taldearen kontra Iruñean, eta partida oso lehiatuan, hiru tanto eskasengatik galdu zuen CBASK taldeak, 76 eta 73. Hortaz, Autonomia Arteko 2. maila 8. postuan despeditu du maila honetan aurten debutatu duen CBASK taldeak.