2019ko Altsasuko festetako irudia bilatzeko lehiaketa

Guaixe 2019ko mai. 29a, 09:15
2018ko Altsasuko festetako txupinazoa. ARTXIBOA

Altsasuko Udalak festak iragarriko dituen kartelaren lehiaketa martxan jarri du

Altsasuko festak irailaren 13tik 17ra ospatuko dira, eta dagoeneko hasi dira egitaraua prestatzen. Hortaz, urtero bezala, Altsasuko Udaleko Kultura Zerbitzuak festetako kartelaren lehiaketa martxan jarri du. Bi maila daude: helduak eta haurrak. Lanetan derrigorrez Altsasuko festak 2019 / Fiestas de Alsasua 2019 agertu behar da.

Haurren kasuan garagarrilaren 14aren 14:00ak baino lehen entregatu beharko dituzte lanak, Iortia kultur gunean. Altsasuko ikastetxeetako Lehen Hezkuntza eta DBH 1. eta 2. mailako ikasleek parte har dezake haurren mailan. Helduek garilaren 12ra arte dute proposamenak aurkezteko aukera. Helduen mailan 14 urtetik gorako edozeinek parte har dezake, gehienz bi proposamen aurkeztuta.

Lanak originalak izan behar dira eta baztertuak izanen dira argazki, kartel, pintura eta abarren plagioak. Estilo librea da, baina saridunak multimedia teknikak erabili baditu udalak kopia digitala eskatu diezaioke kalitate handiko inpresioak egin ahal izateko. Helduen mailan proposamenak euskarri gogor batean aurkeztu behar dira, eta A3 (42 X 29,7 cm) edo 70 cm-ko altuera eta 50 cm-ko zabalerako tamaina izan behar dute. Haurren mailan aurkeztutako lanak A3 taimaina izan behar dute, eta kartulina batean aurkeztea gomendatzen dute.

Garilaren 12ko 14:00ak baino lehen aurkeztu behar dira lanak. Egileek plika sistemaren bidez aurkeztu behar dituzte proposamenak; hortaz, lanaren atzealdean lema bat jarri behar dute idatzita. Lanarekin batera gutun-azal bat aurkeztu behar dute, eta gutun-azal horretan erreferentzia moduara lema idatzi behar dute. Barruan I. gehigarria betea eta sinatua aurkeztuko dute. Haurrek garagarrilaren 14ko 14:00ak baino lehen aurkeztu behar dituzte lanak eta plika sistema erabili behar dute ere, baina gutun-azalean izen-abizenak eta harremanetarako datuak jarri behar dituzte.

Kartel irabazlea Altsasuko festetako egitarauren azalaren irudia izanen da. Gainera, Kartel irabazlearen egilearendako 600 euroko saria izanen da. Gainera, 18 urte beherako parte-hartzaileen artean 100 euroko accesita banatuko da. Kontrazalaren irudia haurren mailako lan irabazlea izanen da. Irabazleak marrazteko materiala eta 60 euroko saria jasoko du. LHko kartel hoberenak aipamen berezia izanen du.

Kategoria nagusian parte hartzen duten kartel guztien artean epaimahaiak hiru kartel finalista aukeratuko ditu eta, ondoren, uztailaren 18tik 24ra herri bozketa izanen da. Herritarrek erabakiko dute, beraz, hiru finalisten artean zein izanen den festetako kartel iragarlea. Epaimahaia alkateak edo berak izendatutako zinegotziak eta arte plastiko eta ikusmen-arteetan aditu diren lau pertsonek osatuko dute.

 Informazio gehiago: Altsasuko udaleko web gunean.