Foruzaingoaren polizia-etxeko “segurtasun falta” salatu dute

Guaixe 2019ko mai. 29a, 10:10
Foruzaingoaren eta enplegu bulegoaren eremuak banatzeko obrako hesiak daude. Argazkiak: CCOO.

Enplegu bulego berria zabaldu ondoren bi eremuak bereizteko behin-behieko hesia dagoela eta CCOOrendako “onartezina da Altsasuko polizia etxearen segurtasun falta”.

Foruzaingoko CCOOrendako “onartezina, eramangaitza eta logika guztitik kanpo dago Altsasuko polizia-etxeak eta foruzainek bizi duten segurtasun falta egoera”. Polizia sindikalisten kexa aldameneko eraikinean astelehenean enplegu bulegoa zabaldu ondoren heldu da. Zerbitzu berriko eta polizia-etxeko eremuen arteko banaketa egiteko obra hesi bat dago jarrita  behin-behinean. Eta horrekin kexu dira CCOOko kideak: “gogorarazi nahi dugu mehatxu terroristagatik Espainia 4. alerta mailan dagoela. Zerbitzu berria martxan jartzeak agerian uzten ditu segurtasun publikoko profesionalek inguru horretan egunerokoan dituzten ageriko hutsuneak”.



Salatu dutenez, “perimetroa alanbrez lotutako obrako hesiez itxita ikustea lotsagarria da. Inolaz ere ez dute segurtasuna bermatzen”. Garai bateko kamineroen etxeetan daude foru administrazioaren bi eraikin horiek eta suhiltzaileena. Igandera arte Iruñea etorbidetik zuten sarbidea, baina enplegu bulegoa zabaltzean, hara doazenak, merkataritza guneko aparkalekutik egindako sarbidetik joan beharra dute. CCOOko kideek salatu dutenez, “okertuta” enplegu bulegora oinez edo autoan zihoan jendearen “joan-etorriak polizia-etxearen segurtasun maila zalantzan jartzen du nabarmen”. Azkenik, sindikatutik “lardaskeria” lehenbailehen konpontzea eskatu dute.