Triatletak Aritzalekun bildu ziren

Guaixe 2019ko mai. 29a, 13:44

Sprint distantziako proban Sergio Garcia de Eulate 21.a sailkatu zen eta Juan Luis Maiza hirugarrena izan zen beteranoen 2. mailan. Asier Lizarragak distantzia olinpikoko proba osatu zuen

Asteburuan Aritzalekuko Triatloia jokatu zen izen bereko kanpinean, bi distantziatan. Distantzia Olinpikoko proban –1,5 km igerian, 41 km bizikletan eta 10 km korrika– 163 triatletek lortu zuten helmugara heltzea eta Gonzalo Fuentes (ANB Triatlon) izan zen azkarrena (2:06:49). Asier Lizarraga 126.a iritsi zen helmugara (3:01:37). Emakumezkoetan Irati Samaniego gailendu zen (2:41:15).

Sakana Triatloi Taldeko hiru kide sprint distantziako proban aritu ziren, proba laburragoan, aurreko asteko Half Triatlhon Iruñearen gogortasuna oso gertu baitzegoen. 187 triatleten artean Saltoki taldeko Ander Noain (1:02:15) eta Anaitasuna taldeko Nuria Rodriguez (1:15:31) gailendu ziren. Sergio Garcia de Eulate altsasuarra 21.a sailkatu zen (1:14:28), Juan Luis Maiza etxarriarra 53.a (1:21:14), beteranoen 2 mailan hirugarrena, eta Mikel Lakuntza 58.a (1:22:19).