Gerrako galtzaile baten bizipenen aurkezpena

Guaixe 2019ko mai. 31a, 14:26
Aurkeztuko duten liburuaren azala.

Extremaduran gerra galdu, kontzentrazio eremuetatik pasa, lan okerretan aritu eta Altsasun bukatu zuen gizon baten biografia aurkeztuko dute Iortia kultur gunean, gaur, 18:30ean.

Rafael Navas Bohorquezek idatzi du Autobiografia, memorias y comentarios de Alonso Barrena Moreno 1907-1977 liburua (2018, Ahillonesko Udala eta Badajozko Diputazioa). Eta egilea bera Altsasun izanen da gaur, liburuaren eta haren protagonistaren berri ematen. Navasek lau zatitan banatu du Barrenaren berri ematen duen liburua. Aurrenekoan haren sorterriaren berri ematen da, protagonistaren moduko lurrik ez zuten langileek bizi zuten ekonomia egoera makurra. Soldaduska bukatu arteko tartea hartzen du aurreneko atal horrek. Bigarren atalean II. Errepublika, estatu kolpea eta 1939ko kolpisten garaipenaren berri ematen du. Besteak beste, nola Barrena boluntario joa zen gerrara, soldadu izatetik sarjentu izatera pasa zela eta kultura maila bat lortzeko egin zituen ahaleginak.

Beste galtzaile askok bezala, gerra ostean Barrenak gosea, torturak, hotza eta beroa pasa zituen. Kontzentrazio eremuetatik pasa zen eta haietan gauero bere kideak fusilatzen zituzten. Handik ere atera zen, baina sorterrian nekazarien lan baldintzak penagarriak ziren. Emaztearekin Altsasura etorri ziren 50eko hamarkadan eta hil arte Altsasun biziko zen. 364 orri dituen liburua makina bat argazkiz eta agiriz hornituta dago. Gaurko liburu aurkezpena Barrenaren senideek antolatu dute, udalen laguntzaz.